Merkataritza guneak hedatzeko presa

Adrian Garcia 2018ko api. 27a, 12:00

Azken boladan saltoki handiak ezartzeko proiektu ugari jarri dituzte martxan. Lasarte-Oriako Talde Aktibistak gonbidatuta, adituek azaldu dute zergatia: lege hutsunea nahi dute aprobetxatu, lurraldeko plan sektorial berria onartu aurretik

Bada kezkatzeko moduko gaia. Lasarte-Oria inguruan 2000. urtean ezarri zuten Urbil merkataritza gunea, baina azken aldian gisa horretako beste proiektu asko jarri dituzte martxan. Michelin 2, Belartza 2, Leroy Merlin... Mercadona eta McDonald's ere orain gutxi ireki dituzte. Krisi ekonomikoa oraindik arrastaka eduki arren, presaz ari dira saltoki handi horiek ezartzen. Lasarte-Oriako Talde Aktibistak gaia plazaratu du, eta hitzaldia antolatu du aste honetan Manuel Lekuona kultur etxean. Unai Fernandez de Betoño arkitekoak eta EHUko irakasleak, eta Eli Azpillaga Belartza 2 Gelditu plataformako kideak multinazional horien hedapena ulertzeko giltzarriak eman dituzte. 

Lege kontua da dena. Eusko Jaurlaritzak onartua du txosten batzuetan saltoki handiak kaltegarriak direla inguruko herrientzako ekonomiarentzat. Horregatik, Lurraldeko Sektore Planak horiek eraikitzeko muga batzuk hartzen zituen kontutan.  Baina Fernandez de Betoño irakasleak kontatu moduan, multinazionalek auzitara jo zuten plan horren aurka, eta irabazi egin zuten. Arrazoia ondokoa da: Europako Batasunaren arabera, ezin zaizkio jarduera ekonomiko bati mugak jarri arrazoi soilik ekonomikoengatik. Alegia, denda txikiak babesteko argudioa erabilita ezin da merkataritza guneen hazkundea  baldintzatu. 

Lurraldeko Sektore Plana

Horrenbestez, plan berria aurkeztu bitartean, "lege hutsune antzeko bat" dago. "Hori ari dira aprobetxatzen multinazionalak", esan du EHUko irakasleak.

Presa hori nabaritu du Azpillagak, Añorgako herritarrak. "Ahalik eta azkarren nahi dute proiektua onartu, jendeari informazioa ezkutatuta". Azkar eraikitzeko behar horrek bultzatuta, ordea, hamaika irregulartasun egin dituzte. Proiektua bera "basakeria" da, Azpillagaren hitzetan. "Natura gune batean nahi dute eraiki Anoetako 28 estadioren tamainako gunea". 

Dena "tranpa batean" oinarrituta dago, dio Belartza 2 Gelditu plataformako kideak. Bere garaian industria poligonoa izendatu zuten eremu hori, "inolako ingurumen" azterketarik egin gabe". Orain ingurune komertzialtzat jo nahi dute, multinazionalen diruaren truke. "Udalek hirigintza nahieran eskaintzen dute. Hori erabiltzen dute diru sarrerak bermatzeko. Nondik aterako du bestela Donostiako Udalak metroa egiteko dirua?". 

Teresategiko eremuarekin antzeko zerbait gertatuko da. "Basoa zapalduko dute Leroy Merlin egiteko". Horrek udal askoren "hipokrisia" erakusten duelakoan dago Azpillaga. "Jendaurrean ingurumena babesteko prest daude. Baina benetako orduan jarrera bestelakoa da".