Ttakun Kultur Elkartea
1992. urtetik orain arte, urtez urte, Ttakun Kultur Elkartea izan da Lasarte-Oriako udaleku irekien antolatzailea. Ibilbide honetan udalak urtero diruz lagundu du elkartea, egitasmoa babestuz. Aurtengoan, berriz, udalak ezohiko tratamendua eman dio; udaleku irekiak lizitaziora ateratzea erabaki du.
Urte hauetan guztietan egitasmoa eraiki dugu, betiere oinarritzat hartuta proiektu hezitzaile horren helburuak eta balioak. Urtetik urtera hobekuntza nabarmenak gehitu dizkiogu programari, familiak, haurrek eta gaur egungo gizarteak sortarazitako beharrei erantzuteko. Besteak beste, Goiztxoko zerbitzua, Jostakirola programa, herriko eragileekin elkarlanean diseinatutako programazio anitza eta azkeneko bi urteetako jangela zerbitzua.
Asteak dira gutunazalen irekiera egin zenetik, baina oraindik elkartea zain dago ofizialki ebazpena jakiteko. Asteotan familiak elkartera behin eta berriro etorri dira txokoei buruz galdezka. Ebazpen ofizialik ezean, erantzunik ez du eman Ttakunek. Era berean, ulertzen dugu gaztetxoen arduradunengan itxarote horrek sortzen dituen eragozpenak eta ezinegona.
Hori dela eta, elkarteari fidel izan zaizkion herritarrak kontutan hartuta, erabaki hau hartzera derrigortuak sentitu gara: lehiaketa publikoaren emaitza edozein dela ere, Ttakun Kultur Elkarteak udaleku irekiak antolatuko ditu. Udaran Txokoak, gure betiko txokoak, antolatuko ditugu, lehenengo aldiz udalaren diru laguntzarik gabe.
Mende laurdenez Udako Txokoak antolatu ostean, horiek egingo direla bermatzeko betebeharra du herriko elkarteak. Herriko eragile, elkarte, ekoizle, hezitzaile, familia eta haurrak barne hartzen dituen proiektua da. Jakitun gara ahalegin handia eskatuko digula udaleku horiek antolatzeak. Halere, betiko filosofiarekin jarraituko du Ttakunek: herrigintza lehenestea, etekin ekonomikoen aurretik. Orri hauetan ikusiko duzuen eskaintza da horren erakusgarri. Lasarteoriatar gaztetxoek kalitatezko Udako Txokoak izango dituzte.
Eskaintza
1.- Txiki txiki, txikia... : HH3-HH4 (2013 eta 2014 bitartean jaiotakoak)
- Psikomotrizitate saioak astero, psikomotrizitate materialarekin.
- Ipuinetatik eta jolasetik abiatuta asmakuntza plastikoa, gorputz adierazpena eta soinuarekin jolasean arituko gara.
- Sukaldaritza tailerrak, ur jolasak, eskulanak...
- Irteerak: Zubietako frontoira 15:30ak arte irteera, Lasarte-Oriako parkeetara eta udal igerilekura joango dira besteak beste.
- Festak eta jaialdiak.
- Herriko belaunaldi desberdinen arteko ekintzak.
- Azken eguneko festa
2.- Handitzen-handitzen!: HH5-LH2 (2012 eta 2010 bitartean jaioak)
- Gure begiraleekin jostakirola saioak, kirola eta jolasa uztartzeko saioak material bereziarekin.
- Talde jolasak: ur jolasak, ginkana, mendi irteera...
- Irteerak igerilekuetara eta hainbat bisita gidatu.
- Herriko eragile desberdinekin ekintzak.
- Jaialdiak eta azken festa.
*ADI LH1 eta LH2: Astigarragara goaz 4 egun!!
Uztailaren 2tik 13ra Txokoetan. 16tik 19ra udaleku itxietako txanda bat eta 20tik 27ra amaiera bikaina Txokoetan!
3.- Abentura eta kirola: LH3-LH6 (2009 eta 2006 bitartean jaioak)
- Abenturazko ekintza bereziak.
- Ur jolasak.
- Gure begiraleekin jostakirola saioak, kirola eta jolasa uztartzeko saioak, material bereziarekin.
- Talde jolasak eta tailerrak.
- Irteerak: igerilekuetara, hondartzara, bibak...
- Herriko eragile desberdinekin ekintzak.
- Azken festa.
Aukera paregabeak
- DONEMILIAGA + TXOKOAK
Donemiliaga aterpetxean egon eta gero.... uztailaren 16tik 27ra abentura eta kirola Txokotan.
- TXOKOAK + ATXONDO
Uztailaren 2tik 13ra, Txokotan lagunak egin eta gero... abentura elkarrekin jarraitzeko aukera izango duzue Atxondon.
Goiztxoko Zerbitzua eta jangela
Goizeko 09:00etatik 10:00etara goiztxoko zerbitzua eskainiko da, eta baita jangela zerbitzua ere. Azken horretan plazak geldituz gero egun solteak hartzeko aukera izango da.
Espazioa
TTAKUNENEA izango da elkargunea.