Arteaga II.ak ez du buruz burukoan aurrera egin

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 20a, 11:45
Asier Arteagak ezin izan zuen Elezkano II.a garaitu Astelena pilotalekuan jokatutako partidan. Intzako pilotariak, aldiz, ederki hasi dute lau t'erdiko txapelketa. San Pedro Jaietako txapelketarako izena ematea ere ireki du herriko pilota elkarteak

Asier Arteaga pilotariak buruz buruko txapelketako partida jokatu zuen igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan. Herritarra ez zen bakarrik egon txapelketa nagusiko estreineko partidan; berrogeita hamar bat lasarteoriatarren babesa izan zuen. Baina herritarren animoak ez ziren nahikoak izan Elezkano II.a garaitzeko. Bizkaitarrak ez zion aukerarik eman, eta 22-6 galduta txapelketatik at geratu da Arteaga.

Txapelketa nagusiko bere lehen partida izateak kalte egin zion Arteagari. Urduri jokatu zuen, eta tentsioak ez zion herritarrak ahal duen bezain bizkor mugitzen utzi.

Elezkanok, ordea, ez zuen arazorik izan. Hasieratik lasai jokatu zuen. Ederki erantzun zien Arteagaren erasoei, eta ez zuen oparirik egin. 

Bizkaitarra 7-0 aurreratu zen markagailuan, eta pixkanaka, herritarren zoritxarrerako tartea handitzen joan zen. Arteagaren tantoek herritarren txalo eta animo hitzak zituzten erantzun.

Ederki lau t'erdian 

Intza elkarteko pilotariak, berriz, ederki eman diote hasiera lau t'erdiko txapelketari. Solano eta Iruretagoienak garaipenak erdietsi zituzten. 

Iruretagoienak Intxurreko Jauregi 7-22 garaitu zuen, Ikaztegietan. Solanok, berriz, Errenterian jokatu zuen EPLEko Aranbururen aurka, eta 16-22 gailendu zen. 

Azkenik, Iribarrek arazo fisikoak medio, ezin izan zuen partida jokatu. Intzako kideek jakinarazi dutenez, azken aldian ezker eskuan mina izan du pilotariak, eta asko hausnartu ostean, txapelketa uzteko erabakia hartu du.

Alabaina, Intzako beste pilotari bat gehituko da lehiaketara aste honetan, Jon Peio Artetxe.

Asteburu honetan guztiek etxean, Michelingo kirolguneko pilotalekuan, jokatuko dituzte partidak; pilota zaletuek egunero gozatuko dute. 

Gaur ostirala, 19:30ean, Artetxek Gure Txeruko Aristiren aurka jokatuko du. Larunbatean, 11:00etan, Solanok Gaztelekuko Oiarbide izango du aurrez aurre. Eta igandean, 11:00etan, Iruretagoienaren txanda izango da. Tolosa Aurrera taldeko Elola izango du arerio. 

San Pedro Jaietako txapelketa

Bestetik, Intza elkarteak San Pedro jaietako XXVI. eskupilota txapelketako izena emate epea ireki du. 

2004 eta 2009 urte artean jaiotako lasarteoriatar gazteek parte hartu dezakete txapelketa honetan.

Hiru maila ezberdinetan lehiatuko dute: benjaminak 2008-2009 urteetan jaiotako neska-mutilak; alebinak, 2006-2007 urteetan jaiotako neska-mutilak eta infantilak, 2004-2005 urteetan jaiotako neska-mutilak. 

Partidak larunbat eta igande goizetan jokatuko dira Loidi-Barren frontoian. 

Pilotak antolatzaileek jarriko dituzte. Benjaminek eta alebinek pilota goxuarekin jokatuko dute; infantilek, aldiz, toke erdiko pilotekin.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, nahitaezkoa da kirola egiteko arropa egokiarekin jokatzea; finalerdia eta finala arropa zuriarekin jokatuko da.

Hau guztiaz gain, antolatzaileak ohartarazi dute ez direla txapelketako partidatan gerta litezkeen lesioez edota istripuez arduratuko.

Izena ematea astearte eta ostegunetan 18:30etik 20:00etara egingo da Michelingo pilotalekuan. Azken eguna maiatzaren 9a izango da.