Ostadar Ipar Martxa: "Familia bat gara; Aste Santua guretzat hartu dugu"

Adrian Garcia 2018ko api. 13a, 11:51
Menorcan astebetez ibili dira Ostadar Ipar Martxako hamabost kide, Cami de Cavals bideko etapak egiten. Arrakasta ikusirik, bidaia urtero egingo dutela diote.

Orain urte batzuk ekarri zuten ipar martxa Lasarte-Oriara, eta ordutik zaleak bereganatu besterik ez ditu egin. Asteazkenero biltzen dira Ostadar SKTko kideak, bastoiak eskuetan ariketa fisikoa egiteko. Horrez gainera, hilabetean behin irteera bat egiten dute. Baina ez hori bakarrik. Lehen bidaia handia egin dute hamabost kidek. Menorcan izan dira Aste Santuan, Cami de Cavals bideko etapa batzuk egiten. Herrira bueltatu eta gutxira izan dira Txintxarri-rekin, abenturatxoaren nondik norakoak kontatzeko. 
Bidaia egiteko ideia kasualitatez sortu zen. "Irteera bat egin genuen Bidasoara, eta Txingudi aldera egin genuen", azaldu dute Rosa Ormazabalek eta Junkal Perezek, Ostadar Ipar Martxako kideek. Orduan ikusi zuten hegazkin bat Hondarribiko aireportutik aireratzen. "Zergatik ez dugu egiten guk bidaia bat?", galdetu zuten euren artean. 

Norakoa azkar batean aukeratu zuten. Izan ere, Ormazabalek ipar martxako ikastaroetatik horrelako bidaiak eginak dituen pertsona bat ezagutzen du. "Dena egina eman zigun hark; hotelak, ibilaldiak... dena". 

Sei  egun egon dira Balearetako uhartean, Pazko Astean, astelehenetik larunbatera bitartean. Oporretan bai, baina atseden gutxi izan dute. Egunero-egunero goizean goiz jaiki ostean bastoiak hartu eta ibiltzeari ekin diote. "Uharte osoa zeharkatzen du Cami de Cavals-ek, 300 kilometro baina gehiago. Guk etapa batzuk egin ditugu. Bi iparraldean, eta beste bi hegoaldean. Denetatik ikusi dugu: basoa, kosta, mendia…", kontatu du Ormazabalek. Betebehar bakarra zuten: gutxienez egun batean Ostadarreko elastikoa janztea. 

Ez da ohiko bisita izan Menorcakoa. Izan ere, turistek zalantzarik gabe egin ohi dute uretara, kostalde malkartsuak sortzen dituen hondartzatxoak baitira uhartearen ikur. "Garai honetan joateak badu gauza txar bat: ura oso hotza dago bainatzeko. Oinak besterik ez ditugu sartu. Hori da eragozpen bakarra, ibili ostean ezin duzula uretan sartu". 

Halere, Menorca bisitatzeko garai ona da, ez baitago turistez gainezka. "Ez du zerikusirik. Zortea izan dugu gainera, eguraldi zoragarria egin du. Lainotua hasieran, itzal gutxi zegoen tokian, ibiltzeko primeran. Oskarbi ondoren, itzaletan ibiltzeko aukera genuenean", adierazi du Perezek. Iritsi aurreko egunetan kazkabarra egin zuen, ezagun  batzuek kontatu zietenez. 

Aste Santua
Edonola ere, ez dute garaia aldatu nahi: "Aste Santua gurea da". Lehenengo bidaian "dena ondo" atera zaie, eta beste asko egitea aurreikusi dute. Urtero-urtero, udaberriko oporraldietan. "Jende askok du jai aste honetan, eta hurrengo urterako beste bidaia bat prestatzen hasi gara". Izan ere, taldea osatua dute. "Hamabost pertsona baino gehiago joatea ez da komenigarria, erantzukizun handiegia da bestela". Hasi dira norakoak begiratzen eta aztertzen, baina oraindik ezin dute aurreratu nora joango diren. Gauza ziurra da: ibilaldi politak egiteko aukera eskaini behar du lurraldeak. "Gainera, turismo egiteko denbora gehiago utziko dugu. Oraingoan ez dugu horrelakorik aurreikusi". Mahon eta Ciudadela hiriak bisitatu dituzte, baina faltan bota dute tarteko egun bat turismoa bakarrik egiteko. "Ondo etorriko zaigu, pixka bat deskantsatzeko", dio Perezek. 

Batez ere taldean bizi duten giro ona nabarmendu dute Perezek eta Ormazabalek. "Oso batuta gaude, familia baten antzera. 81 urteko pertsona bat ere taldean dago, eta mezu bat utzi zigun, eskerrak emateko horren ondo zaintzeagatik". 

Menorcan ezagutu duten pertsonekin ere "primeran" moldatu dira. "Autobus gidariak, hoteleko langileak, zerbitzariak… Denak oso jatorrak izan dira gurekin". Izan ere, Ostadarreko kideek arrastoa utzi dute uhartean. "Oso alaiak gara. Hotelean ere tarta bat oparitu ziguten azken egunean, txokolatezko irribarre batekin". 

Lau ibilbide
Guztira lau etapa egin dituzte, bederatzi eta hamabost  kilometro artekoak. Cala Tirant, Mesquida Favaritx, Cala Galdana eta Santo Tomas ibilbideak egin dituzte. Askotan kilometro kopuruak ez du ematen etaparen zailtasuna, ibilbidearen beraren ezaugarriak baizik. "Bidea zaila zen, gorabeheratsua, eta harri tartean". Toro mendira ere bisitatxoa egin dute, uharteko punturik altuenera. "Ez zegoen programatua, baina autobus gidariak eraman gintuen. Uharte osoa ikusten da hortik". 

Ibiltzeko uharte aproposa da. Cami de Cavals osoa markatuta dago, eta kilometroro erreferentziak jartzen dituzte, uneoro norbera zein puntutan dagoen jakiteko. Horrez gain, bide horiek aukera ematen dute uharteko historia eta kultura ezagutzeko. "Antzina egindako hormak, olibondoekin egindako hesiak... ikusi ditugu". 
Egun osoa igaro dute kanpoan. Goizean ongi gosaldu ondoren atera, eta 17:30ak inguruan bueltatzen ziren. "Lasai biltzen ginen, argazkiak atera, paisaiak ikusi… Azkar ibiltzeko hemen badugu aukera, han lasai aprobetxatu nahi genuen denbora". Ibilaldia egin ondoren hirugarren denbora izan dute. "Dutxa bat hartu, garagardo bat, eta bueltatxo bat ematera atera gara". 

Euskara da ipar martxako taldearen beste ezaugarri bat. Taldearen hizkuntza da, eta batzuei gaitasuna hobetzeko balio izan die. "Donostiako neska bat etorri da gurekin, eta ez zekien oso ondo, baina azkenean moldatu da. Mezua idatzi digu, esanez talde polit bat aurkitu duela, eta asko hobetu duela". 

Hurrengo urteko bidaia prestatu bitartean, asteroko hitzorduari fidel jarraituko diote Ostadarreko kideek. Jende asko bildu ohi da zitara. Orain, egunak luzeagoak direla-eta, gehiago. "Inork ez dauka konpromisorik. Ez dago astero-astero etortzera behartua. Hori asko gustatzen zaie. Ez dute ezer ordaintzen, nahi badute joaten dira orduan". 

Asteazkenero zita
Eguraldi txarrarekin ere biltzen dira. Euria egiten badu, trinketean. Bestela, hipodromoko zubian. Eguraldi onarekin buelta luzeagoak egiten dituzte, luzatze ariketak eta saltoak egiteaz gainera. Edozeinentzako ariketa fisiko egokia da. Baldintza bakarra jartzen dute haiekin praktikatu ahal izateko: ikastaro bat egitea eta segurua ordaintzea. "Bost euro besterik ez dira ordaindu behar. Ikastaroa guk ematen dugu, Ostadarren", dio Ormazabalek. 
Bastoiak mugitzearen teknika barneratua izan behar da egoki ibiltzeko; asko laguntzen dute makilek. "Menorcan egin duguna ezinezkoa litzateke bastoirik gabe", azaldu du Ormazabalek. "Ez da babesa bakarrik. Hegan egiten duzu, aurrera bultzatzen zaitu". Mendian ere erabili ohi dira bastoi horiek. "Mendian baino gehiago laguntzen zaituzte ibiltzen".