Arteagak buruz buruko txapelketa jokatuko du estreinekoz

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 13a, 13:30
Lehen partida Elezkano II.aren aurka jokatuko du igandea arratsaldean, Eibarko Astelena pilotalekuan

Asier Arteaga pilotariak eskuz banakako txapelketa nagusia jokatuko du, 2017.  urteko Promozioko txapela eskuratu zuen eta.
Txapelketan hamasei pilotari izango dira lehian: Arteaga bera, Urrutikoetxea, Olaizola II, Artola, Laso, Victor, Albisu, Irribarria, Altuna III, Ezkurdia, Zabaleta, Retegi Bi, Elezkano II, Rezusta eta Jaka. 

Lehiaketa gaur ostirala hasiko da, eta final-hamaseirenetako lau partida jokatuko dira. 

Arteaga II.ak Elezkano II.aren aurka egingo du debuta txapelketa nagusian. Igande arratsaldean Eibargo Astelena pilotalekuan izango da hitzordua, 17:00etatik aurrera. 

Partida irabaziz gero, Artolaren aurka jokatu beharko du pilotari lasarteoriatarrak.
Hirugarren eta laugarren postuak maiatzaren 11n erabakiko dira. Final handia, berriz maiatzaren 19an jokatuko da.

Lau t'erdiko txapelketa
Intza elkarteko Artetxe, Solano, Iruretagoiena eta Iribar, berriz, Gipuzkoako eskuz banakako lau t'erdiko txapelketan murgilduko dira.

Artetxek aste honetan atsedena du; Solanok EPLEko Aranburu izango du aurrez aurre; Iruretagoienak Intxurreko  Jauregiren aurka jokatuko du; eta Iribarrek, azkenik, talde bereko Altunaren aurka du buruz burukoa.

Bestalde, martxoaren 23an  Intzako Artetxe-Elola senior bikoteak Udaberriko Sariko finala galdu zuen. Intzakoak finalera indartsu iritsi arren, Azkoitiako bikotea gailendu zitzaien. Aukera gutxi eduki zuten Artetxe aurrelariak eta Elola atzelariak; nagusi izan ziren azkoitiarrak, markagailuak erakutsi bezalaxe: 22-06.