Squash erraketak prest, XXX. txapelketari hasiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 15a, 11:00
Aurten hamalau parte hartzaile izango dira txapelaren bila. Partidak astean zehar jokatuko dira, arratsaldeetan

Guztia prest dago Kirol Zerbitzuak antolatzen duen XXX. Squash herri txapelketari hasiera emateko. Astelehenetik ekainera arte, astean zehar bina partida jokatuko dira egunero, 18:00etatik aurrera Maialen Chourraut kiroldegian. 

Hamalau parte hartzaile izango dira lehian. Iazko txapeldun Iñaki Garciak ez du parte hartuko, beraz, lehia bizia izango da. Alabaina bada aurreko urteetan txapela eraman duenik, Kinin Calvo esate baterako.

Urtero bezala, hiru fasetan banatu da txapelketa. Lehenengoan, liga sistema jarraituz bi taldeetan banatuko dira jokalariak. Talde bakoitzeko lehen hirurak sailkatuko dira txapeldunen faserako.

Txapeldunen fasean ere liga jokatuko dute. Ligaxkaren lehenengo biek finala jokatuko dute, eta hirugarrenak eta laugarrenak kontsolazioko finala.

Fase honetarako sailkatzen ez direnek kontsolazio fasea jokatuko dute, kanporaketa sistema jarraituz.