Harrobia mimoz lantzen dute Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolan. Bizikletarekiko pasioa transmititzen saiatzen dira, eta emaitzak ikusita, badirudi lortu dutela. Kadeteen Euskal Selekzioak Espainiako pista txapelketa jokatu du. Marka lortu du Buruntzazpik, hautatutako bost txirrindularitik hiru baitira eskola horretakoak: Beñat Carbayeda, Asier Pozo eta Jaime Romero. "Guretzako ikaragarria da, oso pozgarria da. Mutil hauek egin dutena egundokoa da. Oso langileak eta konprometituak dira", kontatu dio txintxarri-ri Eugenio Pozo entrenatzaileak, harro. Parte hartu bakarrik ez, domina batzuk ere ekarri dituzte bueltan Lasarte-Oriara.
Pozo eta Carbayeda lasarteoriatarrak dira. Romero, ordea, Astigarrakoa. Talde indartsua osatzen dute hirurek. "Gogorra izan da txapelketa. Ez bakarrik fisikoki, batzuetan ere gaizki pasa dugu moralki". Taldekako pertsekuzioko urrezko domina irabaztean askatu zituzten presio guztiak. "Azkeneko egunean izan zen hori, oso pozik geratu ginen", azaldu du Asier Pozo txirrindulariak.
Besteekiko abantaila bat bazuen Euskal Selekzioak. Hiru taldekideak izanik, elkar ulertzea errazagoa izan dute. "Entrenamendu asko egin ditugu erreleboak ongi egiteko". Pozo entrenatzailearen ustez, giltzarria izan da hori taldekako pertsekuzioan urrea lortzeko. "Ez zuten irabazi indartsuagoak zirelako. Ongi sinkronizatu ziren, eta amaieran indartsuago bukatu zuten".
Romerok eta Pozok eskarmentu handiagoa dute horrelako txapelketetan, bigarren urteko kadeteak dira eta. Carbayeda, ordea, lehenengo urtekoa da, eta ikastea tokatu zaio. "Primeran egin ditu gauzak, normalena da hurrengo urtean hautatua izatea", dio entrenatzaileak.
Errepidea
Pistako denboraldia bukatutzat eman dute txirrindulariek, eta errepidean jarriko dituzte orain indar guztiak. Halere, nahiz eta lasterketak dituzten ia astebururo, lasai hartuko dute aldi honetan, berriro maiatza edo ekaina alderako sasoi betean egoteko.
Errepidea ere gustatzen zaie hirurei, eta ongi moldatzen dira lasterketetan. Gipuzkoako errepideko sailkapenean lehen hamarretan daude. Pozo doa lehenengo, lasterketa asko falta diren arren oraindik. "Oso erregularrak dira, konstantzia asko dute".
Romerok eta Pozok helburu berbera partekatzen dute. Maiatza aldean fin ibili nahi dute Espainiako txapelketarako hautatuak izateko. Carbayedak badaki zaila izango duela, lehenengo urteko kadetea izaki. "Gipuzkoako txapelketa egin nahi nuke ongi".
Talde txikia da Buruntzazpi; badaude dozena bat txirrindularikoak. Horregatik, euren jokaldia egiteko orduan zuhurtziaz aritu behar dira. "Ezin dugu beste taldeek bezala ihesaldi bat botatzeko denak lanean jarri", dio Pozo entrenatzaileak.
Hiru txirrindulariek ezaugarri desberdinak dituzte; Romerok esprint boteretsua du, eta, beraz, komeni zaio tropelean gordeta itxarotea. Carbayeda lehen urtekoa izanik, arriskatu egin behar du, eta ihesaldietan sartu. Pozok erresistentzia handia du, eta "lasterketaren arabera" mugitzen da.
Txapelketako emaitzak
Scratch
• Jaime Romero: urrea
• Asier Pozo: brontzea
Pertsekuzioa (2km)
• Asier Pozo: brontzea
Pertsekuzioa taldeka
• Euskal Selekzioa: urrea