Arteagak ireki du Bus tabernako 'sagardopotea'

Arteagak ireki du Bus tabernako 'sagardopotea'
Aterpea merkatarien elkarteak antolatuta, 'sagardopotea' egin dute herriko hainbat tabernatan. Inguruko sagardotegietatik ekarri dute edaria, eta pintxoa eskaini zaie bertaratutakoei. Aterpeako 25. urteurrenerako tiketak salgai jarri dituzte

Gutxi geratzen zaio txotx denboraldiari, baina oraindik badago astia sagardoaz giro onean gozatzeko. Eta ez da zertan sagardotegietara joan beharrik  horretarako. Aterpea merkatarien elkarteak antolatuta sagardopotea egin dute hainbat tabernatan. Zuzenean kupeletatik txotx egiteko aukera eskaini dute, eta pintxoa ere eman dute 1,5 euroren truke. 

Txartel kafetegia, Zumaburu, Txema, Yolanda, Eguzki, Avenida, Buenetxea, Primeran, Arkupe, Bus eta Viña de Mar tabernetan egin dute ekintza. 

Ttirriki-ttarraka musika elkarteak girotu du trikiti eta pandero doinuekin arratsaldea. Tabernaz taberna ibili dira musikariak. 

Sagardotegietatik zuzenean 

Aurtengo sagardopotean parte hartu duten ostalariek hainbat sagardotegitako sagardoa eskaini dute: Txartelek eta Txemak, Mina etxeko sagardoa; Avenidak eta Busek, Aburuzakoa; Zumaburuk, Izetakoa; Yolandak, Itxas-Burukoa; Eguzkik, Rufinokoa; Buenetxeak, Alorreneakoa; Primeranek, Saizarrekoa; Arkupek, Begiristaingoa; eta, azkenik, Bereziartuakoa Viña del Mar tabernak.

Gonbidatu berezi bat izan zuten Bus tabernan. Orain gutxi ireki zuten berriro taberna, itxita egon ostean. Asier Artega pilotariak egin zuen txotx irekiera bertan. Igandean buruz buruko lehen kanporaketa jokatuko du Lasarte-Oriako kirolariak.