Ia 23 milioi euroko aurrekontua du udalak

maddi-noriega 2018ko api. 13a, 14:00
Astearteko udalbatzarrean aurrekontuen proiektua onartu ostean, horien berri eman du Jesus Zaballos alkateak: 22.874.708,75 euro zuzendu dira proiektuak aurrera eramateko. Alderdiek aurrekontuen zirriborroa egiteko azaldu duten prestutasuna eskertu du alkateak

Aste Santuko atseden egunen osteko astea indartsu hasi da Lasarte-Orian. Hilabeteroko hitzordua izan da astearte arratsaldean, udaletxean: Ohiko Udalbatzarra. Hamahiru puntuko gai ordenari jarraitu diote udal ordezkariek, eta bi ordu eta erdiko iraupena izan du. Eztabaidarako gaien artean, 2018. urteko aurrekontuak ekarri dituzte mahai gainera, eta PSE-EEren aldeko zazpi botorekin, eta EAJ, ADLOP eta PP alderdien abstentzioarekin onartu egin dituzte aurrekontuak. EH Bilduk aurkako boza eman du. Behin onartuta, prentsaurrean aurkeztu ditu Jesus Zaballos alkateak.  

Guztira EH Bilduren osoko emendakin bat eta 29 emendakin partzial aurkeztu dira. Azken horietatik hamabost onartu dituzte, eta 11 bota dituzte atzera. Gainerako lauak aurkeztu dituzten alderdiek beraiek erretiratu dituzte.

22.874.708,75 euroko aurrekontua osatu dute. Horietatik 2.000.000 euro aurreko urteetako konpromiso kredituak dira, hau da, adjudikatuta dauden gastuak dira (ezin izan dira aurrera eraman eta aurten egingo dituzte). Horien adibide jarri du argiteria. Herriko asfaltatze lanak egiteko 1.537.389,86 euro zuzenduko direla ere jakinarazi du.

Inbertsio gisa eta ADLOP alderdiaren eskakizunari helduta, baratze ekologikoak egiteko asmoa agertu dute, eta 40.000 euro bideratuko dituzte horretara.  Herri barruko autobus zerbitzuan "hobekuntza" batzuk izango direla ere iragarri du. Egun astelehenetik ostiralera bitarteko zerbitzua eskaintzen du Manttangorrik, baina lasarteoriatarren eskakizunei erantzuteko, abuztuan ere, garraio zerbitzua eskainiko dute (astelehenetik ostiralera, 11 bidaia egunero). 25.701,96 euro aurreikusi dituzte horretarako.

Zenbait eraikinaren birgaitze lanak egiteko ere diru sorta bat gorde dute. Besteak beste, Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko birgaitze lanetarako 33.149,05 euro, edota 120.000 euro Karmengo Kapera berritzeko.
Beste zenbait inbertsioren barruan, EH Bildu alderdiaren proposamenari jarraiki, Manuel Lekuona kultur etxeko eserlekuak aldatuko dituzte, 130.000 euroren trukean. Bidegorri eremua ere zabalagoa izango du Lasarte-Oriak aurrerantzean. Urbil merkataritza gunetik Txikierdira bitarteko zatia egingo dute, 45.500 euroko aurrekontuarekin.

Aniztasunaren plana ere egingo du udalak. Lasarte-Oriako etorkinak herrian hartzeko egitasmoa izango da eta 15.000 euroko kostu izango du. Horrekin batera, etxez etxeko arreta zerbitzuak  igoera bat izango duela jakinarazi du Zaballosek: "Zerbitzuak %2.48ko igoera izango du, hau da, iaz baino 17.000 euro gehiago bideratuko ditugu horretara".

Hezkuntzari dagokionean, eskola materiala erosteko diru laguntzei eutsi egin ditu udalak. Aurreko urtean bezala, 10.000 euroko aurrekontua izango dute laguntza horiek.

Parte hartze prozesuak ere egingo dituzte. Besteak beste, lur azpiko zaborrontzien, aparkalekuen eta Askatasunaren parkearen inguruan galdetuko zaie herritarrei.

Udalaren egoera ekonomikoa

Alkateak jakinarazi du Lasarte-Oriako Udalaren egoera ekonomikoa "oso ona" dela: "%87.28ko zorpetze margena du udaletxeak, eta inbertsio handiak egingo ditugu zorrik eragin gabe". 

2005. urtean eskatutako kreditu bat ordaintzen ari da udala egun. Urtarrilaren lehenean 1.027.595 euro zituen ordaintzeko, eta 2020. urterako kitatuko dute.

Udalbatzarra 

Aurrekontuekin batera, eztabaidarako beste zenbait gai izan dira udalbatzarrean. EH Bilduk, Kataluniako atxiloketak direla eta, adierazpen instituzionala jarri du mahai gainean, eta EAJ eta ADLOP alderdien babesarekin aurrera atera da mozioa.

ADLOPek, berriz, bi mozio aurkeztu ditu. Energia efizientzia eta aurreztearen ingurukoa lehena, eta Euskadi Lagunkoia udalerrien sareari buruzkoa bigarrena. Biak onartu dituzte aho batez.

Udal Langileen Komitearen mozioa eztabaidatu dute gero.  Udaleko Lan Hitzarmenean 91. eta 98. artikuluetan jasotzen dena betetzeko eskaerari baiezkoa eman diote EH Bilduren, EAJren eta ADLOPen babesarekin. 

Galdera eta erreguen tarteak itxi zuen hilabeteko hitzordua.