Masterra

Zer nahi duzu lehendabizi? Albiste ona ala txarra? Nork ez du inoiz halako galderarik egin? Galdera hori egin izan didatenetan, gehienetan, nik behintzat, txarretik hasi nahi izaten dut ahalik eta ondoen amaitu eta aho zapore gozoarekin geratzeko. Neure buruari egiten diodan tranpatxoa da, badakit, baina hori ere baleko izaten da askotan. Oraingoan atzekoz bestera egingo dut ordea: umoretik hasi eta erremediorik gabe, serio bukatuko dut. Cifuentes andereak, Madrilgo presidenteak, ustez masterrik egin ez eta bere kurrikulumean sartu izanak algara eragiten du. Iruzurra, gezurra, ridikulua eta beste hainbat gauza egin ditu “ustez” (ez dago epairik oraindik baina…) PPko agintariak. Besterenganako lotsa sentiarazi dit, berak, itxura batean sentitu ez duen lotsa sentitu dut nik haren agerraldi bakoitzean. Kulturistek egunero lantzen dituzte giharrak gero sendo itxuran agertzeko, intelektualki sendo itxuran agertu nahi izan du Cifuentes andereak baina master bat egiteak eskatzen duen eguneroko lanik egin gabe. Tormesko itsumutilaren eskolakoa atera zaigu, pikareskaren eskolakoa. Barregarri geratu da ordea putzutan harrapatu dutelako, mingain gaiztoen esanetan PPren barruko arerioek argibideak filtratu ostean. Trufa, iseka eta halakoetarako gogoa ematen du hasiera batean baina pentsatzen hasita negarguretik gehiago izan beharko genuke. Gisa honetako agintariak merezi dituzte madrildarrek? Eta okerrago oraindik: eskola horretako kideak dituen alderdi baten esku dago estatuko gobernua? Zipristinak beti harrapatzen du urrun dagoela uste duena ere: geu agian. Sentitzen dut ilunetik amaitu izana baina ezingo didazue leporatu iragarri ez dudanik. Ah, nik ez dut masterrik, ez egiazkorik ez eta oparitutakorik ere. Lasai ederrean nago.