Ainhoa Martin, Espainiako txapeldun 200 bular proban

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 5a, 19:43
Maila paregabea erakutsi dute Martin Ahizpek eta Paula Sevillanok, Pontevedran (Galizia) jokatutako Neguko Espainiako txapelketan. Infantil mailan lehiatu dira, eta emaitza bikainak lortu dituzte. Ainhoa Martinek urrea kolkoratu du 200 bular proban, eta brontzea 100 bularrean

Buruntzaldea IKTko igerilariek maila bikaina eman dutela ez da albiste honezkero. Denboraldi oso ona ari dira egiten, eta astebururo erakusten dute. Ainhoa eta Leire Martin ahizpek eta Paula Sevillanok emaitza bikainak lortu dituzte Pontevedran (Galizia), infantil mailako Espainiako Neguko txapelketan. Ainhoa Martinek, esaterako, urrea irabazi du 200 bular proban, eta brontzea 100 bularrean. Errekor berriak ezarri eta markak ondu dituzte hiru kirolari gazteek.

Emaitzei so eginda, Ainhoa Martin izan da protagonista nagusia. 200 bularreko sailkapen serieetan erakutsi zuen. Sekulako igerialdia eginda, 02:36.98ko denbora puska eginda, txapelketako errekorra ezarri zuen diziplina horretan. "Oso igerilari gutxik egin dezakete halakorik", nabarmendu du Borja Apeztegia prestatzaileak. Arratsaldean, finalean, denbora hori berdindu bakarrik ez, ondu egin zuen: 02:36.32. Espainiako txapeldun izan, eta urrezko domina kolkoratu zuen. Estatu mailako errekorra izateaz gainera, taldekoa eta Euskadikoa ere hautsi zuen, jakina. 100 bular probako sailkapen fasean, 1:14.65ean geratu zuen kronometroa, eta aise sailkatu zen final handirako. Proba horretan, urduritasuna tarteko, kosta egin zitzaion bere maila onena ematea, hasieran batez ere. Apurtxo bat atzean geratu arren, maila handiko igerilaria dela erakutsi zuen beste behin, eta postuak irabazten joan zen, 1:14.56ko denbora egin eta brontzea poltsikoratzeraino. Azken egunean, Leire ahizparekin batera 200 metro lau estiloak proban aritu zen, eta finalera sailkatu ez arren, marka pertsonala ondu zuen, 02:31.12ko denbora eginez. "Benetan ikaragarri aritu da Ainhoa txapelketan; ikaragarri, hizki guztiekin", dio Apeztegiak.

Etorkizunerako ikasgai baliotsua

Ainhoa ahizpa bezalaxe, kategoriako igerilaria da Leire Martin. Tamalez, emaitzei dagokienean behintzat, ez zuen maila onena eman Pontevedran. "Oso garbi daukagu, proba bat baino gehiagotan, podiumean egoteko gai dela Leire, baina ez da posible izan oraingo honetan. Penaz, baina aldi berean pozik itzuli gara, asko ikasi duelako; egoera zailak ongi kudeatzeko ahalmena duela erakutsi du, eta esperientzia hartu du". Apeztegiaren analisia. Bost proba "sendo" jokatu ditu Leirek, eta dominarik bueltan ekarri ez badu ere, hainbat finaletan lehiatu da.

200 bizkar proban, adibidez, B finalerako erraz sailkatu zen, bere marka onena gainditzerik izan ez bazuen ere. B finalean ez da posible podiumera igotzea; halere, motibatuta egin zion aurre probari Leirek, goizeko denbora hobetzeko asmoz. Baita lortu ere: 02:25.06ko denbora egin, eta bigarren postua lortu zuen.

Markak hausten 800 librean

Paula Sevillanok ere maila paregabea erakutsi du Neguko Espainiako txapelketan. Berak konpetitu zuen aurrena, igandean, 800 librean. Apeztegiaren esanetan, "zalantza asko" sortzen dizkio distantzia horrek Sevillanori, baina "bikain" aritu zen, mamu denak uxatuz eta markak hautsiz. Hamabi segundo bizkorrago bukatu zuen proba Sevillanok, igerialdi paregabea eginda: erritmo bizian ekin zion, eta probak iraun bitartean primeran eutsi zion intentsitate horri, kronometroa 09:40.63an geratuz. Marka pertsonala hobetzeaz gain, taldeko absolutu mailako eta 15 urtekoen errekor berriak ezarri ditu. Ezin hobea da balantzea.

Asteazkenean sartu zen berriro igerilekura, 400 libre proban lehiatzeko. Ezin izan zuen aurreneko eguneko balentria errepikatu, baina 04:48.59ko denbora eginda, ederki bukatu zuen txapelketa.

Asteburu honetan, Malagan

Martin ahizpek erronka polita dute aurretik, asteburu honetan, Malagan. Udaberriko Espainiako Open txapelketa jokatuko dute, absolutu mailakoa, Mikel Esnal taldekidearekin batera.