Lasarte-Oriako hainbat tabernatan, txotx

Lasarte-Oriako hainbat tabernatan, txotx
Sagardopotea antolatu du Aterpea herriko merkatarien elkarteak, hirugarren urtez. Datorren asteko asteazkenean, 19:00etatik 21:00etara, txotx doinuak entzungo dira Lasarte-Oriako 11 tabernatan

Lasarteoriatarrek gustuko dute Aterpearen Sagardopotea Lasarte-Orian ekimena, eta nabaritzen da: urtetik urtera, gero eta arrakastatsuagoa da. Ez bakarrik herritarrek, baita ostalariek ere: iaz baino lau taberna gehiago animatu dira parte hartzera. Denera, 11 dira aurten: Arkupe, Avenida, Buenetxea, Bus, Eguzki, Primeran, Txartel, Txema, Viña del Mar, Yolanda eta Zumaburu. Datorren asteazkenean, hilak 11, 19:00etatik 21:00etara, txotx doinuak entzungo dira herrian zehar. Musika ere ez da faltako: Ttirriki-Tttarraka eskolako bi taldek girotuko dute arratsaldea.

Sagardopoterako prestatu duten eskaintza, hauxe: 1,50 euroren truke, sagardo trago freskoa eta pintxo goxoa. "Sagardotegi garai bete-betean gaude; ekimen interesgarria eta erakargarria dela uste dugu", nabarmendu du Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek. Lasarte-Oriako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Komertzio eta Kontsumo sailari eskerrak eman dizkio, ekimena antolatzen laguntzeagatik. "Herriko komertzioa sustatu nahi dugu, eta baita sagardotegien jarduna ere". Berezia izango da aurtengo edizioa, Aterpeak 25 urte betetzen baititu.

Sagardotegi ugari aukeran

Aurtengo sagardopotean parte hartuko duten ostalariek hainbat sagardotegitako sagardoa eskainiko dute datorren asteazkenean: Txartelek eta Txemak, Mina etxeko sagardoa; Avenidak eta Busek, Aburuzakoa; Zumaburuk, Izetakoa; Yolandak, Itxas-Burukoa; Eguzkik, Rufinokoa; Buenetxeak, Alorreneakoa; Primeranek, Saizarrekoa; Arkupek, Begiristaingoa; eta, azkenik, Bereziartuakoa Viña del Mar tabernak.