Opera, zarzuela eta musika klasikoa VI. Musika Astean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 9a, 13:23
Danok Kide elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak egitarau erakargarria prestatu dute VI. Musika Asterako, elkarlanean: opera, zarzuela eta musika klasikoa izango dira protagonista. Asteazkenean hasiko da

Egun pare bat falta dira VI. Musika Asterako. Danok Kide eta Lasarte-Oriako Udala elkartu dira aurten ere, egitarau erakargarria osatzeko. Aurtengo edizioko protagonistak opera, zarzuela eta musika klasikoa izango dira. Datorren astean zehar eskainiko dituzte programako hiru emanaldiak. Aurrekontuaren berri ere eman dute antolatzaileek: 9.602 euro, denera.

Georges Bizet musikariaren Carmen operak irekiko du Musika Astearen VI. edizioa, datorren asteko asteazkenean. Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan proiektatuko dute, 19:00etatik aurrera. Bertsio digitalean eskainiko dute; Sydneyko Badiako Operan (Australia) taularatutako emanaldiaz gozatuko dute ikus-entzuleek.

Astebururako programatu dituzte beste bi emanaldiak. Ostiral arratsaldean, hilak 13, 19:30ean hasita, ganberako kontzertua eskainiko du Ludwig Van zazpikoteak, Brigitarren komentuan. Pieza ezagunak joko dituzte: W.A. Mozarten Biolin, klarinete eta fagoterako 1go hirukotea, eta L. van Beethovenen Haizezko eta harizkoetarako Mi b Maiorreko Septimino izenekoa.

Kultur etxeko auditorioan eskainiko dute hirugarren eta azken emanaldia. Larunbat arratsaldean, hilak 14, 19:30ean. Sasibil konpainia donostiarra igoko da oholtza gainera, eta La rosa del azafran zarzuela eskainiko du. Konpainia horretako koruak eta orkestrak interpretatuko dute obra hori.