Udaberriko Sariko finala galdu du Intzak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko martxoaren 26a

Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak ezin izan dute etxekoen erritmoari eutsi, eta 22-06 galdu dute.

Ibilbide luzea egin dute Lasarte-Oriako pilotariek Udaberriko Txapelketan, baina ezin izan dute biribildu. Intzakoak finalera indartsu iritsi arren, Azkoitiako bikotea gailendu zaie. Aukera gutxi eduki dute Jon Pello Artetxe aurrelariak eta Mikel Elola atzelariak; nagusi izan dira azkoitiarrak, markagailuak erakutsi bezalaxe: 22-06.

Azkoitiako taldeak aldez aurretik eskatu zuen finaleko egoitza izatea, eta ezin hobe etorri zaie. Izan ere, 1. mailako finala ez ezik, jubeniletan ere azken partida  etxean jokatzea lortu dute. 

Kantxa faktorea erabakigarria izan da azkenean. Ez dira ongi moldatu lasarteoritarrak; asko kosta zaie partidan sartzea. Lehen aldia da txapelketa osoan horren tanto gutxi lortu dituztela.