Kataluniarekin eta demokraziarekin bat

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 25a, 15:49

Espainiar Estatuak Kataluniako prozesu subiranistarekiko ezartzen ari den errepresioa salatze aldera, hainbat herritarrek egin dute bat EH Bilduk, Gure Esku Dagok eta gehiengo sindikalak deitutako 'Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat' elkarretaratzearekin

Espainiar Estatuak Kataluniako prozesu subiranista erreprimitzen segitzen du. Asteburu honetan, Pablo Llarena epaileak espetxera bidali ditu Dolors Bassa, Carme Forcadell, Raul Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull politikariak. Marta Rovira ere deklaratzera deituta zegoen, baina erbestera jotzea erabaki du. Eta, gaur goizean, Danimarkara bueltan zetorrela, Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemont atxiki du Alemaniako poliziak.

Horren aurrean, elkartasun olatua sortu da berriro Euskal Herriko toki guztietan. Tartean, Lasarte-Orian. Gaur eguerdian, hainbat herritarrek egin dute bat EH Bilduk, Gure Esku Dagok eta gehiengo sindikalak deitutako Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat elkarretaratzearekin. Udaletxe zahar parean elkartu dira, protesta egiteko, ordu erdi inguruz. Elkarretaratzearen lelodun pankarta bat eutsi dute parte-hartzaileek, eta baita hainbat estelada ere. Udaletxe zahar pareko arkupeetan 'Demokrazia' hitza osatu dute, tamaina handiko hizkiekin.