Uistin kalea berrurbanizatzeko lanak esleitu ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 23a, 18:00

Asfaltos y Construcciones Morga enpresak Uistin kalea berrurbanizatzeko lanak egingo ditu. 28 aparkamendu-plaza berri sortu eta argiaria berrituko da

Lasarte-Oriako Udalak jakitera eman duenez, Asfaltos y Construcciones Morga enpresak Uistin kalea berrurbanizatzeko lanak egingo ditu. Aurrekontua 235.287 eurokoda. Obra honen bidez, lur gaineko 28 aparkamendu-plaza gehituko dira, baita argiteria elektrikoa berritu ere.

Kale horretan aparkatzeko dagoen arazoari konponbidea emateko asmoz, herritarrek proiektu hau hautatu zuten 2017ko aurrekontuen parte-hartze prozesuan.

Lanak  sei hilabetetan egingo dira. Proiektuak espazio publikoa berrordenatzea aurreikusten du, 4274 m²-ko azalera. Espaloiak estutuko dira, aparkalekuen eremua handitzeko. Lanen ostean, ibilgailuak zeharka aparkatuko dira.

Aldi berean, argiteria publikoaren sistema aldatzea aurreikusten du proiektuak. LED teknologiako eta kontsumo txikiko argiak jarriko dira.

Honetaz gain, galtzadaren asfaltatze lanak eta Juan XXIII eta Zubieta plazetako arkupeen luminarien berriztatzea ere gauzatuko ditu enpresak.