Mendian ere, lagunartean eta lasterka gozatzeko

Adrian Garcia 2018ko mar. 23a, 18:30
Lasarte-Oria Trail taldea sortu dute, eta gainerako lasterkariei dei egin diete mendian "lagunartean eta korri eginez ongi pasatzera". Asko errepidetik mendira jauzi egindakoak dira: "Paisaiak, egunsentiak, natura... Mendekotasuna sortzen du".

Bazkari baten bueltan. Beste ekimen asko sortzen diren moduan sortu zuten ere Lasarte-Oria Trail taldea. Urteak daramatzate mendian korri egiten, eta elastiko batzuk atera nahi zituzten, lasterketetan-eta denak talde moduan janzteko. Facebook sare sozialean taldea egin, eta sekulako oihartzuna izan du. "Mendian korri egiten gozatzen dugun lagun talde bat gara, eta gainerako herritarrei ireki nahi diegu aukera, gurekin  etor daitezen", azaldu dute sortzaileek.  

Lasarte-Oria Trail sortu berritan bildu dira txintxarri-rekin ekimenaren bultzatzaileak. Taldea anitza da, askotariko korrikalariak daude; distantzia luzeak egitea gogoko dituztenak, ez horren luzeak, lasterketetan parte hartu nahi ez dutenak... "Mailak ez du inporta. Batzuk oso azkar doaz, eta beste batzuk arrastaka ibiltzen dira", esan dute barre artean. Joxe Ramon Mendizabal, Anabel Eleno, Xabi Carcedo, Richard Marcos, Joseba Iparragirre, Javi Olazagoitia eta Javi Blazquez dira mendizale taldearen bultzatzaileak. 

Argi utzi nahi izan dute hasieratik: ez dira mendi elkarte bat. Hau da, talde independente bat da, eta ez dago beste erakunde edo elkarteri lotuta. "Kontua da ongi pasatzea mendian. Asko gozatzen dugu taldean ateratzen garenean korri egitera", esan du Marcosek. 

Baina batez ere, ezaugarri bat nabarmendu dute: talde irekia da. "Gustatuko litzaiguke Lasarte-Oriako jendea animatzea, eta gurekin ateratzeko proba egitea. Jende asko dago mendian korrika ibiltzen dena, eta gustura hartuko genituzke gurekin. Mendiaz gozatzeko ez da askorik behar", azaldu du Olazagoitiak. 

Igandetan hitzordua
WhatsApp taldea dute, eta astegunetan tarteka geratzen dira entrenatzeko. "Baina normalean geure kabuz entrenatzen dugu, zaila da lana dela-eta geratzea", dio Blazquezek.  

Igande goizean izaten dute hitzordua; 8:00etan hipodromoko zubian. Gero, bakoitzaren gaitasunaren edo entrenatzeko beharraren arabera taldeka banatzen dira. "Nik orduak eta orduak sartu behar ditut, distantzia luzeetara ohitzeko. Agian beste batek ez horrenbeste. Ordu pare batez elkarrekin ibili ondoren banandu egiten gara", dio Olazagoitiak. 

Hasiera batean kontrakoa irudi dezakeen arren, korrika egiteak badu asko talde lanetik. Lasarte-Oria Traileko guztiak bat datoz: "Jendeak uste du mendira zoazela eta ez duzula hitz bat ere egiten.  Isiltzen ez direnak ere badira", diote taldekideek txantxa artean. "Asteko egunik hoberena da igandea", dio Elenok.

Dozena bat baino gehiago dira taldean, baina oraingoz emakume bakarra dute, Eleno bera. Horregatik animatu nahi dituzte  neskak. "Ea gehiago sartzen diren taldean". 

Mendi lasterketak boladan jarri direnetik, gero eta korrilari gehiagok ematen dute jauzia errepidetik mendira. Taldekide askoren kasua hori da. "Urtean atsedenaditxo bat egiten dugu, Lasarte-Oria Bai! Krosa prestatzeko. Orduan jaisten gara menditik". 

Izan ere, taldekideek ohartarazi dute: "Mendiak mendekotasuna sortzen du". Errepidean korri egitea baino dibertigarriagoa da. "Egunsentiak, iluntzeak, paisaia aldaketak, orkatzak bide erdian... Ez dago denbora helbururik, gozatzea da kontua". 

Beste taldeekin harremana dute, eta batera leku berriak ezagutzeko irteerak prestatuko dituzte. Herrian ere antolatuko dute saio ireki bat, inguruko mendietara. "Bertako  ondarea ezagutzeko aukera ere bada".