EH Bildu: "Oposizioaren lanak fruituak eman ditu"

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 23a, 10:30

EH Bilduk azpimarratu du hiru urteetan oposiziotik egindako lanak "fruituak" eman dituela. 2018 urterako aurrekontuen zirriborroa eskuartean dute eta horietan alderdiak defendatutako hainbat proiektu bildu dituzte, hala nola, kiroldegi berria

Apirilean aurkeztuko dira 2018. urterako aurrekontuak, baina udal gobernu taldeak esku artean du jada dokumentuaren zirriborroa. Hori aztertu ostean, EH Bildu alderdiak nabarmendu du oposiziotik hiru urtetan egindako lanak "fruituak" eman dituela. Halaere aurrekontuak urte hasieran onartu beharko liratekeela ekarri du gogora Pablo Barrio  alderdiko bozeramaileak. 

EH Bilduk oposizioan egiten duen lana "ez da alferrikakoa". Horren froga gisa hartu dituzte udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuen zirriborroa.

Azken hiru urteetan "modu publikoan" edota batzorde eta udalbatzarretan defendatutako  zenbait proposamen "lehen aldiz" jaso dituztela azaldu dute; "Lasarte-Oriak dituen zenbait gabeziari aurre egiteko pauso xumeak proposatzen ditu udal gobernuak, azkenean".

Horien adibide jarri dituzte kiroldegi berria, hondakinen bilketa egiteko lurrazpikoak kentzea, edota aparkatzeko arazoei aurre hartzeko proiektua. Azken bi horiek parte hartze prozesuen bidez egiteko diru sorta bana aurreikusi dituzte. Emandako  pausoak "txikiak" dira alderdiarentzat, eta sakonagoak izateko emendakinak aurkeztuko dituzte.  "Proposamenak aurkeztuko ditugu, parte hartze prozesuak egitearekin batera, proiektuak egikaritzeko".

Pozik agertu dira alderdiko zinegotzi Pablo Barrio, Leire Elizegi eta Kristina Bernal,    zenbait proposamen "behingoz" gobernuaren agendan sartu baitira euren ekimenez.

Gobernu lanak, "fruitu gutxi"

2017. urteko aurrekontuen gauzatzea "eskasa" izan da haien hitzetan. Aurrekontuetako bi milioi euro baino gehiago (2.146.000 euro), gauzatu gabe geratu direla jakinarazi dute, eta ondorioz, diru hori gastatu gabe geratu dela.

Horien adibide dira, 397.672 euroko aurrekontua zuten asfaltatze lanak eta 687.845 euroko argiteria publikoa. 

Haatik, 2017. urtean gauzatu gabe geratu ziren proiektu batzuk, 2018. urteko aurrekontuak "puztu eta edertuko" dituztela  salatu dute.  Basaundiko urbanizazioa (215.000 euro) edota Atsobakarreko futbol zelai berria (370.720 euro) jarri dituzte adibide. "Beste batzuk, berriz, ez dira egin eta gobernuak behintzat ez du 2018. urtean egiteko asmorik; Michelin aldeko bidegorria (45.000 euro) eta Manuel Lekuona kultur etxeko butakak (130.500 euro)".

Horren aurrean, oposiziotik "gaien gainean" egongo dira, eta gobernuak agindutakoa bete dezala exijituko du Lasarte-Oriako EH Bilduk. 

Apirileko udalbatzarra

2018rako aurrekontuak apirileko ohiko udalbatzarrean aurkeztuko dituzte. Ohi moduan,  hilabeteko bigarren asteartean  izango da hitzordua, udaleko batzar aretoan.