Troiako puntu beltza behingoz konpontzeko eskatu du Eguzkik

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 24a, 10:00

Talde ekologistak nahi du N-634 errepidea igarotzeko pasabidea eta oinezkoentzat bide segurua egitea

Lasarte-Oriatik Usurbilera joateko bi bide daude egun: Zubietatik Santu-Eneara, eta Txikierditik Troiara barrena. Bigarren puntu horretan hainbat istripu eta heriotza izan dira azken urteetan.

Eguzki talde ekologistak harrigarritzat jo du Troian oinezkoentzako lotura eroso eta segururik ez egotea, eta ohartarazi du irtenbidea landua dagoela.  "Usurbilgo Udalak, Eusko Trenek eta Foru Aldundiak trenbide eta errepide gaineko pasabide bat egiteko proiektu bat landu zuten. Gainera, pasabide horrek nolabaiteko luzapena izango luke, oinezkoei Ugaldea industrialdera seguru iristea ahalbidetuko liekeena". 

Baina Eguzkik salatu du  aldundia ez dagoela prest dirurik jartzeko. "Lotsagarria da nola proiektu batzuetan, estrategikoak diren aitzakian, diru mugarik ez egotea; beste batzuetan, aldiz, oinarri oinarrizkoak diren arren, beti zikoitz jokatu behar".

Konponbide bila, Usurbilgo herritarrek Puntu bltzk EZ kanpaina abiatu dute. Eguzki taldeak dei egin du, lasarteoriatarrek egitasmoarekin bat egin dezaten. "Usurbildarrentzat bezain mesedegarria izango litzateke Lasarte-Oriakoentzat ere".