Errealitatea eta fikzioa, lantresna ikasgelan

Adrian Garcia 2018ko mar. 23a, 12:00

'Zinema (h)abian' proiektuan murgilduta daude Oriarteko DBHko ikasleak. Ikasturtean ikus-entzunezko bat osatuko dute, Tabakalerako zinemagileen laguntzarekin. Bartzelonako topaketan aurkeztuko dute lana ekainean; baita kultur etxean ere

Gutxitan jartzen dute horrenbeste arreta DBHko ikasleek eskoletan.  Baina Tabakalerako Zinema (h)abian egitasmoak lortu du gaztetxoen arreta eta gogoa bereganatzea, denok elkarrekin proiektu bat martxan jartzeko: film bat egitea. Oriarte Institutuko 22 ikasle, irakasleak eta Tabakalerako arduradunak proiektu berezi batean murgildu dira. Ikasturtean ikus-entzunezko bat egingo dute, Elias Querejeta Zine Eskolako irakasleek lagunduta. Modu horretan, zineman murgildu eta lehen urratsak egingo dituzte. Bide batez, zinemaren ahalmen pedagogikoen onurak jasoko dituzte.  

Udal ordezkariek ikasleen ahotik bertatik jakin dute proiektuaren berri. Jesus Zaballos alkateak eta Maite Iglesia Kultur zinegotziak jaso dituzte gaztetxoak, udalbatzar aretoan. Ordura arte egindako lanaren berri eman diete, eta zineman egindako hastapenen inguruan galdetzeko aprobetxatu du alkateak. 

Urte osoan eginiko lanak emango ditu fruituak. Oriartekoek filma aurkeztuko dute Tabakaleran, ekainaren 19an. Aurre estreinua Lasarte-Orian izango da, noski, Manuel Lekuona kultur etxean, nahiz eta datik ez duten zehaztu oraindik. 

Bartzelonara bidaia 
Baina ibilbide luzeago izango du neska-mutilen lanak. Bartzelonan aurkeztuko dute, Espinalt institutuan egingo den topaketan, ekaina hasieran. Katalunia, Galizia, Txile eta  beste hainbat tokitako ikasleekin elkartuko dira. Udalak diruz lagunduko du bidaia hori egin ahal izateko; 1.900 euro inguru jarriko ditu. 

Mikel Gurrea zinema zuzendaria izan dute irakasle.  Hark azaldu ditu eskolen nondik norakoak. "Lasarte-Oria beste era batera ezagutu dute. Zineman pentsatzen, pelikula baterako planoak ateratzen". Halere, ikastetxean "asko hitz egin" dute. Izan ere, grabatzen hasi aurretik egiteko lana garrantzitsua da oso. Hori ere barneratu dute gaztetxoek. "Nik uste nuen hasieratik hasiko ginela pelikula egiten, baina beste gauzak daude egiteko", azaldu du ikasle batek. 

Edonola ere, lanaren zati handi bat kanpoaldean egin dute, ekipamendu profesionalekin; azken batean, benetako film bat ari dira egiten. Denek egin dute denetatik. Alegia, gidoilari, kamerari, soinu-teknikari, aktore... lanak partekatu dituzte. 

Herrian grabatzen 

Egin dituzten hiru eszena erakutsi dituzte gero ikasleek. Tximistarreta parkean, etxe barruan, eta mendialdean grabatu dituzte irudi horiek, hainbat parametro lantzeko. "Enkoadrea, argi ordu ezberdinak, isiltasuna, planoak...". Gurrea zinemagilea izan dute gidari.

Zinemaren alor pedagokikoak lagungarri izan dakizkie ikasleei, gero beste testuinguruan lantzeko. Nolanahi ere, begi bistakoa da lorpena: gaztetxoak harrapatzea lortu du. 

DBHko ikasleek emandako azalpenetan eta begiradan ikus daiteke bat egin dutela guztiz egitasmoarekin, motibatuak daudela. Gainera, zinemagintza taldeko lana denez, gelakideak elkarlanean ohitu dira. 
Gurreak berak eman ditu ikasleen motibazioaren hainbat gako. "Aste Santuko oporretarako badituzte lan batzuk egiteko, lokalizazioak pentsatzea, esaterako. Ez dira nahitaezkoak, baina badakit egingo dituztela". 

Errealitatearen eta fikzioaren arteko jokoan, onuragarria izan daiteke oso zinemagintza. Gidoia ikasleek beraiek prestatu dute. "Esperientzia pertsonalak hartu, eta filmean islatu dituzte". Azken lanari buruzko xehetasun asko ez dituzte eman, baina bai zertzelada batzuk. Haur baten bizipenei buruzkoa da. Gurasoek lanagatik ezin dute haren ardura hartu, eta Lasarte-Oriara joan behar du bizitzera amonarekin.