Kirol zaparrada Garaikoetxea-Landaberrin

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 18a, 21:51
Euriak ez du gaztetxoen kirol izpiritua busti, eta, etxean geratu beharrean, Eneko Castroren omenezko XXI. krosean parte hartzera animatu dira. Garaikoetxea-Landaberri ikastolan egin dute aurten, eguraldi txarra tarteko

Goibel esnatu da gaurko eguna. Euria goian-behean, hotza, haizea...lasterka egitera ateratzeko eguraldi batere aproposa. Dena dela, euriak ez du busti gaztetxoen kirola egiteko grina, eta, etxean geratu beharrean, kirol arropak jantzi, zapatilak ongi lotu eta Garaikoetxea Landaberri ikastetxera joan dira hainbat gaztetxo, astean zehar egiten duten bezala. Gaurkoan, ordea, ez dira joan klasera, Eneko Castroren omenezko XXI. krosean parte hartzera baizik.

Normalean Urbarte parkean egin ohi dute lasterka neska-mutilek, baina gaurko eguraldia benetan txarra izan denez, lekuz aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Esan bezala, parte-hartzea handia izan da, eta giro-ederrean egin dute kirola gazteek. 

Eneko Castrok urtero jasotzen duen aitortza ez da izan gaurko omenaldi bakarra. Berriki zendu da Imanol Jimenez, eta familiari omenaldi xume bat egin diote krosaren antolatzaileek. Alargunak lore eta besarkada sorta ederrak jaso ditu, hunkituta.