Euskal Herri osoan zehar bidaiatu dute Manuel Lekuona kultur etxean elkartu diren ikus-entzuleek. Ez dute bidea kotxez egin, ezta ere hegazkinez edo autobusez, edo oinez. Ez. Euskal dantza jantzien bitartez egin dute. Erketz EDT dantza taldeak 50 urte betetzen ditu aurten, eta desfile bat antolatuz ireki ditu urtemuga berezi horretako ospakizunak. Lasarteoriatarrek ez dute aukera galdu, eta leporaino bete dute auditorioa. Ez dira damutu, arropa eder, koloretsu eta bitxiak ikusi dituztelako. Erabat arrakastatsua izan da 50 urte, 100 jantzi desfilea.
Terexa eta Luixa amona maitagarriek gidatu dute saioa. Umore ukitu bat emanez, ikus-entzuleei barre eraginaraziz aritu dira hango eta hemengo jantziak aurkezten. Lasarte-Orian hasi da bidaia, eta baita bertan bukatu ere; Jalgune elkarteko lagunak izan dira oholtzara igotzen azkenak, Santa Ana egunean dantzatzen duten pertsonek erabiltzen dituzten jantziak soinean. Tartean, Euskal Herriko zazpi probintzietako hainbat jantzi ikusi dituzte herritarrek, zein baino zein koloretsuago eta politago.
Erketzeko kideekin batera, herriko beste hainbat talde eta norbanakok hartu dute parte: Jalgune elkarteak, Kukuka Antzerki eta Dantza eskolak, Amaia Gonzalez Caballero dantzariak eta bere ikasleek... Udal korporazioko zenbait zinegotzi ere igo dira oholtzara: Agustin Valdivia eta Txus Alonso (PSE-EE), Arkaitz Naya eta Alicia Garcia (LOAD) eta Jon Antxordoki (EAJ).
Apirilera begira, erromeria erraldoi bat ari da prestatzen taldea. Hilaren 22an egingo dute, igandez, Okendo plazan.