Protestarako arrazoiak soberan dituzte. Orain gutxi arte pazientzia izan dute, eta apenas kexarik gabe onartu dituzte zuzenean eragin dizkieten murrizketak. Baina amaitu da hori. Gehientsuenek ahotan daramaten esaldia da: "Adarra jo digute". Ondorioz, eskura duten baliabide bakarra hasi dira erabiltzen: protesta. Mobilizatzen hasi dira pentsiodunak, Euskal Herriko eta Espainiako kaleak betetzen. Lasarte-Oria ez da salbuespena izan. Okendo plazan aldarrikatzen dute astelehenero pentsio sistema publikoaren defentsa.
Biztanleriaren zati garrantzitsua osatzen dute, baina agintariek bizkarra eman diete. Urtetik urtera erosmen ahalmena galdu dute, ez baitiete KPI eguneratu. Horrez gain, haien bizimoduari zuzenean eragin dio krisi ekonomikoaren ondotik hartutako politikak: dependentzia legea murriztu dute, eta sendagaiengatik birritan ordaindu behar dute. Haatik, diru kontua baino gehiago bihurtu da. "Duintasun kontua da. Barre egiten digute".
Lasarte-Oriak ere hartu du protesten olatua. Pankartak eskuan, astelehen eguerdietan dute hitzordua, Okendo plazan.Ez dute ezinezkorik eskatzen, "pentsio duinak" baizik. Alegia, bizitza osoa lan egin ostean merezitako erretiroa lasai hartu ahal izatea; hilero-hilero zegozkien zergak eta kotizazioak ordaindu ostean, larritasunik gabe bizitzea azken etapa hori.
Hiru asteetan bildu dira Okendora; talde txiki bat zen hasieran, baina dagoeneko dozenaka eta dozenaka dira. Talde bat ere sortu dute, beste ekintzak antolatzeko; Lasarte-Oriako Pentsiodunen Erretiratutakoen Koordinakundea.
Koordinakundea
Taldea sortu berritan elkartu da txintxarri haietako batzuekin. Marisa Martin, Alejandro Herrero, Maddi Bengoetxea, Patxi Lasa, Joxe Usabiaga eta Jesus Oceja mahai baten inguruan bildu ditu herri aldizkariak.
Askotariko norbanakoek osatu dute taldea, ideologia eta pentsatzeko era desberdinekoek. Badakite batuta jarraitu behar dutela aurrera egiteko; horrexegatik, ez dute nahi alderdi politiko ezta sindikatuekin nahastu. Hain zuzen, hor ikusten dute arriskua. "Alderdietatik kanpo egon nahi dugu, gizarte mugimendu bezala jarraitu nahi dugu", dio Ocejak.
Helburu berberak partekatzeak eusten du batasuna; guztiek gutxiengo pentsio bat jasotzea. Izan ere, egungo sistemak kinka larrian uzten ditu asko. Hilabetean 300 euro baino gutxiagoko pentsioekin oso zaila dute duintasunez bizitzea.
Euskal Herriko beste tokietan piztu diren protesten segidan sortu da Lasarte-Oriako mugimendua. Otsailaren 22an hiriburuetan egin zituzten manifestazio jendetsuak bultzatuta, herrian ere mobilizatzeko beharra ikusi zuten. "Biyak Bat elkartean bildu nintzen, eta gainerakoei galdetu nien: konforme al zaudete aurtengo igoerarekin?", kontatu du Martinek. Bilduta zeuden emakume guztien ezezkoa jaso, eta ez zuen zalantzarik eduki: "Astelehenean pankarta egin nuen, eta plaza erdian jarri nintzen". Hogei bat pertsona bildu ziren aldi horretan. Hala ere, astero-astero elkartzea erabaki zuten.
Hasierako une haietan gauzak azkar samar prestatu zituzten. "Nire etxeko sukaldean egin nuen pankarta, errotuladore eta kartoi batekin”. Erretiratuak gara, baina ez inozoak lelopean egin zuten protesta. Jende gutxi bildu izanagatik, Martin ez zen atsekabetu. "Orduan ikusi nuen gutxi, baina askotariko jendea bildu ginela. Beste manifestaziotan parte hartu izan ez duten batzuk zeuden. Banekien jende gehiago etorriko zela". Eta halaxe gertatu da. Hurrengoetan 300 pertsona inguru bildu dira plazan.
Otsaileko manifestazioa
Otsailean Donostian eginiko manifestazio handian izan ziren herriko erretiratu asko. Mugarria izan zen mobilizazio hura haientzat. "Ni bertan egon nintzen; oso pozgarria izan zen, jende askok parte hartu zuelako. Ezuste polita izan zen", esan du Herrerok. Herrian ere aldarrikapenak oihartzuna izan behar zuela pentsatu zuen. Handik aste gutxira jaso zuen erantzuna: "Lasarte ere esnatu da", ohartarazi zion Bengoetxeak.
Pozik dago Martin, baina ez soilik erretiratu asko mugiarazi dituelako. "Beste gauza asko bezala, herrian mugimendu hau emakumeek hasi dugu". Horrela ikus daiteke lehen elkarretaratzearen argazkian; ia denak dira emakumeak.
Atsekabea lehertu
Halere, erretiratutakoen protestak ez dira berriak. "Iaz hilabetean behin manifestatzen ginen Donostian. Baina oso gutxi biltzen ginen, hogei lagun besterik ez”, azaldu du Ocejak. Hamaikagarren %0,25eko igoeraren gutuna izan da mugarria, zaharren pazientzia agortu duena.
"Lehertu egin da kezka soziala, eta mundu guztia lehen lerroan jarri da, jasangaitza bihurtu delako. Adar jotze izugarria da", dio Ocejak.
Borroka luzea eta neketsua dute aurretik, baina bidean garaipen txiki batzuk lortu dituzte dagoeneko. Izan ere, eztabaidaren erdigunera eraman dute auzia. "Hedabide guztietan agertu da. Alderdi politikoek ere gaiari heldu diote, eta horri buruz hitz egiten hasi dira".
Badute-eta zertan larritu politikariek, pentsiodunak ehunka milaka boto-emaile baitira Euskal Herrian. Izan ere, hasi dira dagoeneko erretiratuak lasaitu nahian. Aste honetan Espainiako Parlamentuan eztabaidatu dute pentsio sistema publikoaren inguruan. Halere, ez dira limurtzen utzi. "Ez dugu ezer jakin nahi alderdi politikoez.
Haiek ez digute jaramonik egin orain arte", dio Herrerok.
Presio egiteko indarra
Indarra dute pentsiodunek, eta badakite. Espainian 9,5 milioi inguru dira. Hego Euskal Herrian, berriz, 680.000 bat. Gipuzkoan bakarrik, 185.000. Kalkuluak ateratzen hasita, Espainian erretiratuen alderdi bat sortuz gero, gehiengo osoa izango luke. Baina hasieratik baztertua izan da aukera hori. Ez dute politikan nahastu nahi, arerioek aprobetxatuko bailukete mugimendua zatitzeko. "Askotariko jendea gara, oso anitzak. Pentsioen inguruan ados jarriko gara, baina ez beste ezertan. Mugimendu sozial hutsa izaten jarraitu behar dugu", uste du Ocejak.
Bada, aldarrikapenak argi dituzte. Europako Kontseiluak ezarri duen gutxiengo pentsioa eskatu dute, hilean 1.080 eurokoa. "Ez da nolanahi hartutako kopuru bat. Bataz besteko pentsioarekin ateratako kalkulua da, Europako Kontseiluak aholkatuta. Badakigu egun batetik bestera ez dutela 300etik kopuru horretara igoko, baina epe luzera begirako helburua behar luke", esan du Herrerok. Arau egin nahi dute KPIren eguneraketa, bermatua izan dadin.
Sistema defizitarioa
Horretarako, ordea, egungo sistema aldatu beharko litzateke. Alegia, pentsioak estatuaren aurrekontu orokorretan sartzea nahi dute. Bada beste proposamenik ere. Esaterako, pentsioen eskuduntzak Eusko Jaurlaritzara eskualdatzea.
Edonola ere, begi bistakoa da egungo gizarte segurantzaren kaxa ez dela bideragarria etorkizuneko pentsioei eusteko. Krisi ekonomikoaren ondotik soldatak apaldu dira, eta, horrenbestez, langileen kotizazioak jaitsi.
Bestetik, gero eta zaharragoa da gizartea; ez da egongo nahikoa langilerik pentsiodun guztiak sostengatzeko. "Eredu hori zaharkitua dago. Beste herrialdeetan ez dago lan merkatuaren eta pentsioen arteko orekan oinarritzen den sistemarik", dio Ocejak.
Badituzte beste hainbat aldarrikapen; oro har, orain gutxi arteko baldintzak berreskuratu nahi dituzte. Alegia, 65 urterekin erretiroa hartu ahal izatea; 40 urte kotizatu ostean aurretiazko erretiroa hartu ahal izatea zigorrik gabe; 62 urtez gorakoentzako diru laguntzak berreskuratzea; mendekotasun legea aurrekora itzultzea; eta sendagaien berrordainketa sistema bertan behera uztea. "Ez da soilik %0,25aren auzia. Urteetan ongizate sistema higatzen joan dira".
Gizarteko beste alorretan bezalaxe, pentsioetan ere emakume eta gizonen artean arrakala handia dago. Hain justu, alargun pentsioa jasotzen duten askok gorriak ikusten dituzte. "Nire senarra hil zen 52 urte nituela, eta haren soldataren %45arekin geratu nintzen. Gastuak, ordea, berberak ziren. Emakumearekiko bazterketa izugarria da", salatu du Martinek. Bengoetxeak ere alarguntasun pentsioa kobratzen du. "Emakume alargunak gara gehien sufritzen dugunak; baztertu egin gaituzte".
Zergak, birritan
Beste gauza bat ere ulergaitza zaie. Lan egiten zutenean Pertsona Fisikoen Gaineko Errenta ordaintzen zuten. Baina orain ere, dirusaritik deskontatu egiten diete zerga hori. "Bi aldiz ari naiz ordaintzen diru hori. Nik nire garaian ordaindu nuen dagoeneko", diote aho batez.
Hego Euskal Herriko bataz besteko pentsioa altua da, 1.138 eurokoa. Baina beste kopuru penagarri bat ezkutatzen du horrek. Badira asko pentsio oso txikiak jasotzen dituztenak.
"200 euro inguruko pentsioa dut, eta, gainera, %6 kentzen didate", kexu da Bengoetxea. Duela 40 urte hil zitzaion senarra. Administraziotik ez du beste laguntzarik jasotzen. "Pisua eta lokal bat ditudala esaten didate". Elkarrizketan sartu da Herrero, suminduta: "Zer nahi dute, jan ahal izateko etxea saldu eta zubi azpian bizitzea?".
Gainera, familia askotan zutabe ekonomiko nagusia dira aiton-amonak, gazte asko prekarietatetik ihes egin ezinda. "Badaude senar-emazteak hilean 800 eurorekin egin behar dutela aurrera, eta, gainera, seme-alabak laguntzen dituzte", esan du Usabiagak. Ekonomikoki bakarrik ez, seme-alaben kontziliazioan ere laguntzen dute. Asteleheneko elkarretaratzetara haur-kotxea bultzatzen joan denik ere bada.
Epe luzeko borroka
Gauza asko ikusi eta ezagutu dituzte bizitzan, eta badakite epe luzera begirako borroka dela haiena. "Gobernuaren aurka bakarrik ez, bankaren eta aseguru etxeen interesak ditugu aurrean", ohartarazi du Herrerok. Haren ustetan, gobernuak pentsioen sistema publiko osoa nahi du pribazitatu. "Mila milioika euro eraman nahi dituzte enpresa pribatuetara".
Lortu dute pentsiodun asko mobilizatzea, baina zeregin bat dute oraindik. Faltan botatzen dituzte gazteak haien artean. Asteburu honetan Donostian haien artean gehiago biltzea espero dute. Oro har, belaunaldi berriak eszeptiko aurkitu dituzte. "Esaten dute urrun ikusten dutela, erretiroa hartzerako orduan pentsioak desagerturik egongo direlakoan. Horregatik ez dira mugitzen", dio Ocejak.
Gazteei deia
Baina gazteak nahi dituzte haien artean, eta mobilizatzeko deia egin diete. "Soldatako diru bat ari dira kotizatzen. Diru horrengatik borroka egin behar lukete". Alde horretatik, lezio bat ematen ari dira aiton-amonak, ondorengoengatik baitaude borrokan. "Gure atzetik datozenengatik ari gara hau egiten".