Upeltegietako ardoa probatzeko aukera izan dute lasarteoriatarrek

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 16a, 10:45

Lasarte-Oriako sei tabernatan ardo dastaketak egin dituzte egunotan. Ostegunean amaitu zen Aterpearen ekimena

Aterpea merkataritza elkarteak eta udalak, Lasarte-Oria Gastronomikoa 2018 ekimenaren barruan, ardo dastaketa antolatu dute aurten ere. Primeran, Arkupe, Eguzki, Buenetxea, Viña del Mar eta Txartel tabernatan eta kafetegietan egin ahal izan dira ardo dastaketak. Martxoaren 12tik 15era bitarte iraun du ekimenak, eta  Aterpearen 25. urteurreneko egitarauaren barruan antolatu dute. Ramon Ormazabal Aterpea merkataritza elkarteko lehendakariak nabarmendu du Lasarte-Oria Herri Gastronomikoa marka erabiltzearen arrazoia dela "herria biziago eta erakargarriago egitea". 

Ardo dastaketa horietan parte hartzeko izena eman dute lasarteoriatarrek, taberna bakoitzean, plazak mugatuak izan baitira. Dastaketak  iluntzeko 19:00etan hasi eta gaueko 21:00ak bitarte egin dira.