Gehiegizko zigorra

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko mar. 13a, 13:34
Euskal Ligara igotzeko fasean ari da lehian Ostadar SKT. Urnietarekin neurtu ditu indarrak asteburuan, eta egindako akatsak garesti ordaindu: 1-4 galdu dute, Michelinen

Euskal Ligara igotzeko fasera sailkatu da Ostadar SKT aurten ere. Kategoriako talde onenekin ari da neurtzen indarrak astebururo. Perspektiban jarrita, meritu handiko denboraldia ari dira egiten urdin-beltzak. Mailaz igotzeko ligaxkara sailkatzearekin soilik konformatu ez, eta ahalik eta ongien konpetitzen saiatzen ari dira, nahiz eta emaitzak ez diren aurreneko fasean bezain onak. Kalitate askoko taldeen kontra akatsak eginez gero, garesti ordaindu ohi dira gero; hori gertatu zaio Ostadarri asteburu honetan, Michelinen. 1-4 galdu du Urnietaren aurka. Ez da izan arerioa baina askoz gutxiago, baina esku-hutsik geratu da Ostadar. Gehiegizko zigorra jaso du, eta bolada ona ezin izan du gehiago luzatu: aurreko bi neurketak irabazi egin zituen.

Konturatzerako, 0-1ekoa sartu du Urnietak. Baloi luze bat ezin izan du urrundu defentsak, eta aurrelariak ez du barkatu Ana atezainaren aurrean. Partidua hasi eta berehala gola jasotzea kolpe latza izan ohi da, baina elkar animatuz eta baloiaren jabe eginez, etxekoen minutu onenak iritsi dira. Aukera oso garbirik ez dute sortu, baina bizpahiru aldiz iritsi dira urnietarren ate ingurura, eta urruneko jaurtiketen bitartez saiatu dira berdinketaren gola sartzen. Zorterik gabe. Atsedenaldirako minutu gutxi falta zirela sartu du Urnietak 0-2koa. Emaitza horrekin sartu dira aldagelara bi taldeak, atseden hartzera.

Itxaropenetik etsipenera

Emaitza txarrari buelta emateko asmoz atera dira urdin-beltzak bigarren zatian. Esan eta egin: Maider Fernandezek jokatzen hasi eta bi minutura sartu du 1-2koa. Argi-printzak Michelinen, etxekoentzat batez ere. Itxaropenetik segituan pasatu dira etsipenera, ordea: hamar minutu beranduago bi goleko aldea hartu du berriro Urnietak. Hortik aurrera, berriro ere neurketan sartzen saiatu da Ostadar, baina ezin izan du, eta epaileak partida bukatutzat eman aurretik beste gol bat jaso du.

Ia partidu osoan zehar galtzen joanda ere, jokalarien arteko animoak etenik gabekoak izan dira. Kemen hitzek ez dituzte puntuak ematen; ez behintzat une horietan jokatzen ari zaren neurketan. Baina balio dezakete emaitza txarra atzean utzi, eta hurrengo jardunaldirako indarrak berritzeko, eta puntuen bila are gogo gehiagoz ateratzeko. Horrela egingo du herriko taldeak; Beti Gazterekin neurtuko ditu indarrak larunbatean, Michelinen, 15:30ean.

Ostadar SKT: Ana Macias; Ane Bailo, Nagore Elola, Irati Gastesi, Andrea Lasaosa; Africa Garcia (Maider Fernandez, 45. minutuan), Haizea Aranburu (Ainhoa Beraza, 45. minutuan), Nora Azkue, Irati Fernandino, Ainara Macias; Vanessa Perez (Uxue Zaldua, 57. minutuan).