Gero eta jende gehiago pentsioen defentsan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko martxoaren 5a

Ia 200 pertsona bildu dira astelehen eguerdian Okendo plazan, pentsio duinak eskatzeko. Astero egingo dute protesta.

Urteak eman dituzte lanean, merezitako erretiroa irabazi ahal izateko. Orain, ordea, arriskuan ikusi dute euren bizimodua, erosmen ahalmena murriztu dietelako etengabe. Bizitza garestiagoa da urtetik urtera, baina pentsioak ez dituzte modu berean eguneratu. Aurten, esaterako, %1,1 igo da KPI, baina pentsioak %0,25 besterik ez. Horrek sortu duen desorekaren aurrean pentsiodunak ez dira isilik geratu; kaleak hartu dituzte Euskal Herriko toki askotan, pentsio duinak eskatzeko. Lasarte-Oria ez da salbuespena izan. Astelehenero eguerdian egiten dute elkarretaratzea. Gero eta gehiago dira, gainera. Astelehen honetan ia 200 pertsona bildu dira. 

Protesta gehiago iragarri dituzte, "politikariek entzun arte". Esaterako, hilaren 17an, larunbatean, Pio XII plazan elkarretaratzea egingo dute, 11:30ean. Gipuzkoa osotik joango dira pentsiodunak. Gauza asko ikusi dituzte dagoeneko, eta ez dute isilik geratu nahi. Ez daude prest besoak gurutzatuta geratzeko. Asko familien sostengu ekonomiko nagusia dira, seme-alabek eta hilobek sufritzen duten prekarizazioaren erruz. Haurren zaindari ere badira aiton-amona asko, gazteen kontziliazio arazoak bultzatuta. Eguerdiko elkarretaratzea haur-kotxea bultzatzen etorri denik ere izan da.