Maialen Aranburu eta Amaia Amiano: "Prozesu baten mugarria izango da martxoaren 8ko deialdia"

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 2a, 10:55

Astebete eskas geratzen da Emakume Langileen Nazioarteko Egunerako, eta gizartean pairatzen dituzten baldintza prekarioak salatzeko, bi lanuzte egiteko deialdia egin dute

Emakumea mendean hartzen duen sistema kapitalista eta heteropatriarkala salatzeko, lanuzte eguna deitu dute datorren Martxoaren 8a. Mundu mailan, 70 herrialde baino gehiagotan emakumeen grebarako deialdia zabaldu zen iragan urtean, eta deialdi hori bide hartuta, datorren ostegunean, emakumeei planto egitera deitu die Mugimendu Feministak. 

Islandiako greba ekarri dute gogora Maialen Aranburu (Lasarte-Oria, 1985) eta Amaia Amiano (Lasarte-Oria, 1992) Mugimendu Feministako kideek. 1975. urtean emakumeen greba "oso garrantzitsua" egin zutela azaldu du Aranburuk. Emakumeen %90ak egin zuten  greba, eta egun batez, ekonomia gelditu zuten. Egoeraren aurrean, gizonezkoek kozinatzeko zituzten zailtasunen ondorioz, merkataritza guneetako saltxitxa guztiak amaitu ziren, saltxitxaren eguna bezala ezagutzen da orduko greba hura.

Euskal Herrian, gehiengo sindikalaren babesa jaso du deialdiak. "Prozesu baten lehen pausua" izango dela uste du Aranburu ELA sindikatuko kideak. Prozesu horretan, "aliantza berriak" ehunduko dituztela azaldu du: "Helburua da emakumeen borroka berriro pentsatuz eta erresistentzia berriak eraikiz, alternatiba feminista bat sortzea".

Lau zutabe
Soldatapeko lanaz harago doa osteguneko lanuztea, lau zutabe nagusiri helduko dio mobilizazioak. "Itzalpean geratzen diren lan guztiak (etxeko lanak, zaintza lanak...) argitara ateratzeko balioko duela nabarmendu du Amianok.  Aranburuk gehitu du, lanaren kontzeptua orain arte ulertu den modua iraultzeko ere balioko duela:  "Bizitzak ezingo luke aurrera jarraitu, emakumeok egiten ditugun lan guztiak egiteari utziko bagenio". Emakumeek soldatapeko lanean egiten duten lana, egunerokoan egiten dituzten lanetako bat dela azpimarratu du ELAko kideak; "hori da ikustarazi nahi dena". Zaintza lanetan aritzen direnen gehiengoa (%95) emakumezkoa da, eta, horietan, baldintza prekarioenetan aritzen direla salatu dute lasarteoriatarrek. Etxeko langileen %87 etorkinak dira, %46 etxe barneko langileak, eta herenak baino gehiagok ez dute lan kontraturik. Ondorioz, "emakumeen burujabetza ekonomikoa oztopatu" egiten dela salatu du Mugimendu Feministak: "Sistemak indarkeria ekonomikoaz jazartzen gaitu". 

Horrez gain, emakumeen enpleguak modu berean baloratzen ez direla ere ohartarazi nahi dute: Hego Euskal Herrian, soldata arrakala  %24koa da, eta urtean, bataz beste, gizonek baino 7.500 euro gutxiago kobratzen dituzte emakumeek: "Emakumeon lana ez dago behar adina baloratua, eta orduan eta postuetan gorago egin, orduan eta emakume gutxiago daude". Euskal Autonomia Erkidegoan, zuzendaritza postuetan aritzen diren emakumeak, %26,9 dira.

Hortaz gain, lan baldintza prekarioenak ere emakumezkoek pairatzen dituzte,  eta hori ez da kasualitatea Aranbururen ustez: "Lan horietan emakumeak aritzea da prekarioak izatearen arrazoia". Lanaldi partzial gehien ere (%77,5) emakumeei egiten zaizkiela gogorarazi du. Datuak Lasarte-Oriara ekarriaz,  langabezian daudenen %59,9 emakumezkoak dira.

Hezkuntza heteropatriarkala
Hezkuntzari ere helduko dio deialdiak. Gaur egungo hezkuntza "guztiz heteropatriarkala" dela nabarmendu dute Aranburuk eta Amianok, eta hori ere irauli egin behar da haien ustez. "Historian eta zientzian eredu gisa hartzen eta erakusten direnak gizonezkoak dira, emakumeen ekarpen historikoak alboratu egiten dira". Hezkuntza sistemak genero rolak ez dituela auzitan jartzen azpimarratu dute, eta gogoeta bat ere partekatu dute: "Unibertsitateko katedradun gehienak gizonezkoak izaten diren bezala, haur eskoletako zaintza lanak egiten dituztenak emakumezkoak dira, gehienetan". Informatikako ikasketetan %14 soilik dira emakumeak.

Kontsumoari planto egitera ere deitzen du grebak. "Hedabideek gure arreta desbideratu, eta etengabeko kontsumora eta dirua gastatzera bultzatzen gaituzte".  Helburuak lortzeko, emakumeen irudiez baliatzen direla argi dute Aranburuk eta Amianok: "Sexu objektu gisara  azaltzen gaituzte emakumeak, eta hori ere salatu egin behar dugu".

Kontziente dira hainbat emakumek zailtasunak izango dituztela lanuzteak egiteko. Egoera horren aurrean, grebarekin bat egiten dutenek, eta lanuzteko aukerak dituztenak kalera atera daitezen eskatu dute: "Aukera dugun emakume guztiok kalera atera behar dugu, gugatik, baina baita lanuztea egin ezingo dutenengatik ere". Baina gizonezkoek rola ere honi zuzenki lotua ikusten du Aranburuk. "Nazkatuta" daude, martxoaren 8an gizonezkoek jokatu behar duten paperaz hitz egiteaz, baina inguruko emakumeek greba egin ahal izatea ahalbidetu behar dutela defendatu dute.

Greba emakumezkoei soilik deitu izanaren arrazoiak "begibistakoak" dira: "Guk dakigu gure behar eta interesak zeintzuk diren, eta guk defendatu behar ditugu". Borroka horren "lehen planoan" emakumezkoak egon behar direla ez dute zalantzarik.

Horrela, gizonezkoei "bigarren mailan" geratzeko gonbita egiten du Mugimendu Feministak: "Bildu daitezela eta dauzkaten pribiliegioez  erreflexionatu dezatela". 

Oraindik badira, ordea, grebarekin bat egin edo ez zalantzak dituzten emakumeak. Horiei grebarekin bat egiteko mila arrazoi daudela defendatu dute Aranburuk eta Amianok.  "Gure momentua da", azaldu du  ELAko kideak: "Sistema kapitalistaren, heteropatriarkalaren eta arrazistaren iraultzak emakume guztioi eragiten digu". 

Deialdiak izan dezakeen jarraipenaz galdetuta, helburua "mobilizazio erraldoiak" egitea da, eta hori "lortuko da". Eguna heldu aurretik ere gogoetarako bide ematen ari da greba, eta hori lortzea ere "garrantzitsua" da.  

Indarkeria matxistaren salaketa
Indarkeria matxista ere salatuko du Martxoaren 8ko grebak. "Ez dago hilketa, sexu eraso edota jazarpenik gabeko egunik", gogorarazi du ELAko kideak. "Onartezina dela salatu behar dugu, horrekin amaitu behar da". 

Martxoaren 8ko mobilizazioak hiriburu nagusietan egingo badira ere, Lasarte-Orian hainbat ekintza egingo dituzte. Larunbatean, informazio postua jarriko dute (12:00), Okendo plazan eta hilaren 6an, berriz, Asanblada, Emakumeen Zentro Zibikoan (19:30).

Donostiako mobilizazioak

  • 12:00etan: Bulebarrean deialdia.
  • 12:30ean: KOnstituzio plazan performance-a

Lau manifestazio zutabe

  • 19:15ean: Ikasleen zutabea Antiguatik.
  • 19:35ean: Kontsumoaren zutabea San Martinetik.
  • 19:30ean: Enpleguaren zutabea Egiako Justizia Jauregitik.
  • 19:30ean: Zaintzaren zutabea Groseko anbulategitik.

Lanuzteak

  • 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara.