Lasarte-Oriako 9 eta 16 urte arteko gaztetxoek udan ederki gozatzeko aukera dute Ttakun Kultur Elkarteak antolatzen dituen udalekuei eta kanpaldiei esker.
Mendi irteerak, bibak, ur ekintzak, gaubelak, kirolak... hamaika abentura biziko dituzte gazteek Araba eta Bizkaia aldean.
Udalekuei dagokionez, aurten Donemiliaga (Araba) eta Atxondo (Bizkaia) aukeratu dira.
LH5-LH6 mailako gaztetxoak uztailaren 3tik 14ra izango dira Donemiliagan, eta LH3-LH4 mailako lagunak, aldiz, uztailaren 16tik 23ra Atxondo eta bere inguruak ezagutuko dituzte.
Egunean zehar ekintza dibertigarriak egingo dituzte gaztetxoek; Lekun etxe eta Errotazarra etxeetan eta bainatzeko aukera ere izango dute.
DBHko gazteentzat aldiz, Araba...ingo al deu ba? eta Bizkaian meztijaia! kanpaldi ibiltariak antolatu dira. Goizetan ibilbidea egin eta arratsaldeetan hainbat ekintza egingo dituzte.
DBH 1-DBH 2 mailako gazteak uztailaren 3tik 14ra Araban barrena ibiliko dira. Zaharrenak, berriz, DBH 3-DBH 4koak, uztailaren 16tik 27ra Bizkaia aldera joango dira.
Prezioak
Donemiliagako udalekura 231 euro ordaindu beharko dituzte Ttakuneko bazkideek; bazkide ez direnek aldiz, 250 euro.
Atxondoko udalekuko prezioa, berriz, 167 eurokoa da Ttakuneko bazkideentzat, eta 180 eurokoa bazkide ez direnentzat.
Kanpaldien kasuan, bai Araba, bai Bizkaira doazen gazteek kopuru berbera ordainduko dute: Ttakuneko bazkide badira, 241 euro; bazkide ez direnek, ordea, 260 euro.
Ordainketa Kutxabanken edo txartelarekin Ttakuneko bulegoan egin daiteke.
Izena ematea
Udaleku eta kanpaldien izen ematea Ttakun Kultur Elkartean egingo da.
Inskripzioa egiteko behar diren agiriak honako hauek dira: parte hartzailearen NAN kopia, izen-emate orria beteta eta ordainagiria.
Izena ematerako orduan, lehentasuna izango dute, Ttakuneko bazkideek, iaz ibilitako gazteek, Gazte Klubeko eta Kuadrillategiko gaztetxoek. Horiek martxoaren 19tik martxoaren 26ra eman ahalko dute izena. Gainerako gazteek apirilaren 2tik maiatzaren 4 arte egin dezakete.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, plazak mugatuak dira. Horregatik, izena emateko ordena errespetatuko da, eta ordainketa egiterakoan ziurtatuko da plaza.
Diru-sarreren kasuan, ordainketa agirian haurraren izen-abizenak agertu beharko dira eta bertan agertzen den data inskripzio data izango da.