Denbora. Lerro hauek idazteko bilatzen nuena. Egunerokotasunean estu hartzen nauena. Momentu zehatz honetan mugatzen nauena. Bizitza bera. Unea, tartea, momentua.
Zer da denbora? Gaur egungo bizimodua antolatuta daukagun moduan denboraren beharraz aritzen gara askotan solasean. Nire kasuan, denboraren zurrunbilo horretan, egunak, hilabeteak eta urteak aurrera nola egiten duten ikusten ari naiz. Egunerokoan muga izaten da eta aukera edo abantaila bihurtzea izango litzateke helburua. Matematikako ariketa baten aurrean nengoela, hau ere denboraren ingurukoa, otu zitzaidan gai honen inguruko hausnarketa egitea. Izan ere, segundoek,minutuek,orduek eta egunek zehaztutako egutegi hertsi batean harrapatuta bizi gara.
Esnatzeko ordua, lanera sartzeko unea, bazkal ordua, lagunekin zita egiteko tartea, kirolean ere partidaren denbora mugatua. Lan bat aurkezteko epea iristen denean bezalatsu edo aurkezpen baten data iristen denean edota urteko data seinalatu hori iristen denean ere.
Ezkontzeko momentua, haurra izatekoa, armairutik irteteteko garaia, heldu izateko aroa. Bidaiatzeko ordua, gozatzekoa, idaztekoa, konpartitzekoa, pertsonak agurtzeko egunak, jende berria ezagutzeko momentuak. Uneak, garaiak momentuak.
Denbora, existentzia mugatzen duen hitza. Noraino helduko garen zehazten duena. Denbora probestea, unea bizitzea, gozatzea, askotan entzuten ditugunak dira. Askotan askoren ahotan eta hala ere askori bizitzak ihes egiten die denboraren olatuetan igerian ari direlarik.
Hartu denbora bat hausnarketarako. Denbora bakoitzarena da eta guztiona aldi berean. Unibertsala eta pertsonala. Zurea eta nirea. Idazki xume hau izan dadila zure eta nire denbora txoko honetan konpartitzeko bide, eta bide batez, gogoeta baten hastapen.