Dispertsioaren biktimak errekonozitzeko eskatu dute Balerdiren omenaldian

Txintxarri Aldizkaria 2018ko otsailaren 28a

Hilaren 28an hamabost urte bete dira Juankar Balerdi orduko presoaren senideek istripua izan, eta Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi hil zirela. Bi herritarrak omendu dituzte, eta dispertsioaren biktimak errekonozitzeko eskatu diete erakunde publikoei

Hamabost urte bete dira Juankar Balerdiren senideek ezbeharra izan zutela. Baina urte horietan guztietan ezer gutxi aldatu da. Lasarte-Oriako EH Bilduk deituta, Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi omendu dituzte, Askatasunaren Parkeko eskulturan. Juankar Balerdi bisitatzera zihoazela istripua izan zuten, Almeria bidean. Urrundutako presoaren ama eta anaia ziren. 73 eta 43 urte zituzten. Joxe Balerdi aita larri zauritu zen ezbehar horretan.
Bost minutuko isilunea egin dute parkeko eskulturaren aurrean, Iturralde eta Balerdiren argazkien parean. Pablo Barrio EH Bilduko zinegotziak manifestua irakurri du, eta gogora ekarri ditu dispertsioak hildako hamasei pertsonak. Txalo zaparrada eta lore sorta jaso dute ondoren Jone eta Marijo Balerdik, omenduen senideek. 
Memoria eta errekonoziemendua eskatzeko baliatu dute Iturralde eta Balerdiren omenaldia. Izan ere, EH Bilduk salatu du dispertsioaren erruz hil diren biktimek ez dutela erakunde publikoen errekonozimendurik jaso. "Noiz arte egongo da Argi eta Iñakiren memoria ixildua errekonozimendurako inolako eskubiderik izan gabe?", salatu du Barriok. Lasarte-Oriako EH Bilduren ustetan, gertatutakoaren kontaketak "mosaiko handi bat" izan behar du. "Egia guztiak maila berean ikusarazi eta errekonozitu behar dira gizartearen aurrean. Hamabost urte daramatzagu Argi eta Iñakiren memoria kaletik eta herri ekimenetatik bizirik eusten, iturri ofizialek egiten ez dutelako". 
Horrez gain, dispertsioarekin amaitzeko eskatu dute bertaratutakoek. "Giza eskubideak momentu oro urratzeko tresna da, eta euskal gizarteak hamaika aldiz eskatu du baztertzeko", esan du Barriok. Udaleko alderdiei ere zuzendu zaie, presoen urrunketarekin amaitzeko lan egin dezaten.