Pixkanaka aurrera doa Hitzartu, hurrengo urteetarako hondakinen kudeaketaren inguruan eztabaidatzeko eta erabakitzeko parte hartze prozesua. Gutxieneko finantzazioa lortu du, 10.000 euroko langa gaindituta, eta informazio eta eztabaida publikoaren faseari ekingo dio egunotan. Gaur bertan, ostiralean, egingo dute lehen saioa; Gipuzkoako Medikuen Elkargoko aretoan CSIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko bi zientzialarik txosten bat aurkeztuko dute, Zubietako erraustegiko baimenaren gabeziak azaleratzeko. Ondoren, errausketa eta osasunari buruzko eztabaida egingo dute.
Lehen fasea igaro du Hitzartu-k; GuraSOS elkarteak abiatu du prozesua, erraustegiaren aurkako borroka beste eremu batera eramateko. Aldundiak bere garaian hitzemandako parte hartze prozesua egin nahi dute, hondakinen gatazkari konponbidea emateko eta kontsentsuzko erabaki bat hartzeko. Izan ere, gobernatzeko eran eta demokrazian haurnastuko dute, garrantzitsuak diren erabakiak gizarteak berak hartu ditzan.
Lehenengo crowfunding kanpainaren bidez 17.000 euro bildu dituzte, eta martxan jarri dute proiektua. Baina ez da nahikoa. Parte hartze prozesua ahalik eta berme gehienekin egiteko, beharrezkoa dute gutxienez 80.000 euro biltzea. Horretarako, Hitzartukideak sortuko dituzte; bost euroren truke, Hitzartu-ren txartel bat eskuratu ahal izango da. Horrez gain, www.hitzartu.eus webgunean ere egin daitezke ekarpenak.
Informatu eztabaidatu aurretik
Apirila bitartean jarraituko dute informazio fasearekin. Osasuna, demokrazia, ekonomia eta hondakinen beste kudeaketa ereduak izango dituzte hizpide hurrengo asteetan.
Martxoaren 9an, ostiralean, Donostiako EHUko campuseko Carlos Santamaria zentroan, Nola sendotu gure demokrazia, nola sendatu gizartea solasaldia egingo dute, Euskal Herriko hainbat unibertsitateko lau aditurekin.
Apirilean, eztabaida
Apirilean hasiko da parte hartze prozesua. Ikusita hondakinen kudeaketaren gaiak eztabaida eta liskar ugari sortu dituela Gipuzkoan, parte hartzeko bi teknika erabiliko dituzte.
Batetik, Hiritarren Epaimahaiak sortuko dituzte. CSICko Ernesto Ganuza berak bideokonferentzia bidez azaldu du zertan datzan teknika hori. "Irizpide demoskopikoekin, zozketaren bitartez herritarrak hautatzen dituzte tailerretan parte hartzeko". Tailer horietan, kontrako iritzia duten bi aditu izango dituzte, eta hondakinen plana egiteko irizpideak finkatuko dituzte. Asmoa da 30 lagunetako hiru tailer osatzea, Gipuzkoako hiru eskualdeetan. "Baina lortzen dugun finantzazioaren araberakoa izango da hori ere", ohartarazi du Jose Mari Izetak, GuraSOSeko kideak. Bestetik, Gune irekiak egingo dituzte, herriz herri hainbat eragilek parte hartzeko.