Autobus zerbitzuaren aurreproiektua gerarazteko 7.000 sinadura eta 5.000 helegite aurkeztu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 27a, 19:48

Aldundiak proposatutako ereduaren aurka protesta egin dute. Garraio eta Lurralde antolamendu sailaren aurrean elkartu dira, eta aldundiarainoko martxa egin dute, bidean eskuorriak banatuz

"Murrizketarik ez". Ozen oihukatu dute autobus gidariek eta haiei laguntzera gerturatu direnek, Garraio eta Lurrande Antolamendu bulego aurrean, Donostian. Aldundiak esku artean duen proiektua geldiarazteko helburuz, Donostiako Antigua auzoan elkartu dira protesta egitera. Pankartak eta afixak eskuan, manifestua irakurri dute. "Diputazioaren jarduteko modu honen atzean eredu neoliberal basatia dago, zerbitzu publikoak suntsitzeko eta ekonomia pribatuari ateak irekitzeko". Oinez joan dira Gipuzkoako plazara, eta aldundian erregistratu dituzte proiektuaren aurkako 7.000 sinadura eta 5.000 helegite. 

Aldundiak iaz aurkeztu zuen aurreproiektua, Buruntzaldeko autobus zerbitzuak "berregituratzeko". Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuaren arabera, proiektu horrek autobus lineak "hobeto antolatuko" ditu, jende gehien ibiltzen den orduetan autobus gehiago jartzeko. 

Haatik, langileek eta erabiltzaile askok salatu dutenez, zerbitzu publikoaren "murrizketa itzela" ekarriko du. Eta Lasarte-Oriari ere zuzenean eragingo dio. TSSTko langile batzordeak goitik behera aztertu du proiektua. Ospitaleetako linea %46 murriztuko dute; Lasarte-Oriatik Donostiara, %25; Amarara, %25; Andoainera, %25; Hernanira, %46; eta Tolosara, %50. 

Donostiako kaleetatik barrera ibili dira protesta egiten, eta eskuorriak banatu dizkiete herritarrei. Hainbat datu ere eman dituzte. Izan ere, Gipuzkoa da auto gehien erabiltzen den lurralde historikoa. Horrez gainera, 2016tik kontzesioaren eremuan 92.652 pertsona gehiago bizi dira, eta 130.864 desplazamendu gehiago izan ziren urte horretan. Horren guztiaren aurrean, langileek irmo esan dute: "Interes sozialak daude interes ekonomikoen gainetik". 

Gainera, TSSTko langile batzordeak kalkulatu duenez, aurreproiektua aurrera ateraz gero 30 bat langile kaleratuko dituzte. "TSST da enpresa handiena, pentsatzekoa da gehienak enpresa horretakoak izango direla", esan du Ainhoa Elgezabalek, langile batzordeko kideak. "Herritarrek behin eta berriz esan dute ez daudela ados proiektuarekin, baina aldundiak murrizketekin jarraitu nahi du". 7.000 sinadura eta 5.000 helegiteekin indarra egin nahi dute, aurreproiektua bere horretan egin ez dadin.