Ileapainketa eta estetika igo dira Manuel Lekuona kultur etxeko oholtza gainera asteburu honetan. Lepo bete da aretoa, ikusmira handia sortu baitu herritarren artean Aterpearen azken egitasmoak: Ileapainketa eta Estetika jardunaldia antolatu du, aurten aurrenekoz. Ana gizonezkoen ileapaindegia, Christian Estilistak, Marbell ileapaindegia eta Marian Olaizola ileapandegia komertzioak arduratu dira ileapainketaz. Estetikaz, berriz, Aritza mertzeria, Ormazabal loredenda, Alba y Mabel moda, Imagine jantzi denda eta Ola enmarkazioak. Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek aurkeztu zuen ekitaldia. Ordubete pasatxo iraun zuen.
Aipatu ditugu honezkero ileapaintzaile eta estilistak. Modeloei buruz hitz egitea falta da: ia berrogei pertsonak hartu zuten parte Aterpearen jardunaldi berritzailean. Tartean egon zen Jesus Zaballos alkatea: Ana gizonezkoen ileapaindegiko Ana Eceiza arduratu zen alkatearen orrazkerari beste aire bat emateaz.
Lasarteoriatarrak gustura geratu ziren kultur etxean ikusi zutenarekin. Arestian esan bezala, lepo bete zuten kultur etxea. Jardunaldiaren arrakasta ikusita, ez litzateke harritzekoa izango datorren urtean errepikatzea.