Lasarte-Oriak 1986ko otsailaren 15ean eduki zuen aurrenekoz udaletxe propio bat. Pasa dira 32 urte, eta hainbat alderditako zinegotzi eta alkatek egin dute lan bertan. Tartean, PSE-EE alderdikoak. Atzo elkartu ziren Oriako 'El Jardin' jatetxean, eta omenaldi egun berezia ospatu zuten. Herrian egon diren bi alkate sozialista (Ana Urchuegia eta Jesus Zaballos, gaur egungo alkatea dena) eta 21 zinegotzik jaso zuten aitortza. 1986tik 2011ra artean (ETAk armak uzten zituela iragarri zuen urtea) aritutakoak omendu dituzte.
Froilan Elesperentzat izan zen eguerdiko aipamen bereziena. 2001eko martxoaren 20an erail zuen ETAk. Hainbat urte igaro dira, baina haren oroitzapena oso presente daukate sozialistek oraindik. Elesperen alargun Tomasi Pelazek eta bikotearen semeetako batek (Andoni Elespek) jaso zuten diploma. Aipatutako zinegotziaz gain, beste hainbatek jaso zuten aitortza atzo: Jose Luis Lopez (Lopezen alargun Filok jaso zuen diploma), Ramon Lopez, Antonio Herranz, Angel Barrera, Martin Moreno, Julio Legaz, Jone Altuna, Jose Mari Urdanpilleta, Fernando Cruz, Jacinto Hernandez, Juan Perez, Carlos Garcia (Desire alabak jaso zuen diploma), Iñaki Mugika eta Froilan Elespek (haren alargun Tomasik jaso zuen diploma). Omenduak izan arren, Angel Mª Vicente, Lourdes Acevedo, Marta Goyaran, Miren Jone Cabezudo, Fernando Escoriaza eta Iñigo Alonsok ezin izan zuten atzoko ekitaldira joan. Diplomak Iñaki Arriolak (PSE-EEren lehendakaria), Idoia Mendiak (PSE-EEren idazkari nagusia), Eneko Anduezak (Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia) eta Iñaki Mugikak banatu zituzten, besteak beste. Agustin Valdivia zinegotziak izendatu zituen omenduak, banan bana.
Diplomak banatzen hasi aurretik, Iñaki Mugika kide sozialistak hitz egin zuen. Gabriel Celaya poetaren Sin comentarios poema irakurtzeaz gain, omendutako alkate eta zinegotziek egindako lana nabarmendu zuen: "Ez zen lan erraza izan; guztiok dakizue hori. Pleno urteak gogorrak izan ziren: herritarrek asko eskatzen zuten, euren inguruan ezer arrarorik pasatzen ari ez balitz bezala, Lasarte-Orian agintzea eta gainontzeko udalerrietan agintzea gauza bera balitz bezala".
Ekitaldia bukatzerakoan, aipatu jatetxean bazkaldu zuten kide sozialistek, giro ederrean.