Urte zirraragarria aurretik

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko ots. 24a, 13:55

Erketz EDT dantza taldearen sokak ez du etenik. 50 urte daramatza dantza, euskal kultura eta Lasarte-Oria lotzen, eta inoiz baino sendoago dago. Urteurren berezia ospatze aldera, hainbat ekitaldi prestatu ditu; 2018an zehar egingo ditu denak

Motibo asko ditu Erketz EDTk 2018a ospatzeko. Gutxienez, 50: mende erdi bete du aurten dantza taldeak. Prentsaurrekoa egin du gaur, hurrengo hilabeteetarako prestatu dituen ekintzak iragartzeko. Agerraldian erakutsi dituzten karteletan irakur zitekeen bezala, Erketzen sokak ez du etenik; bost hamarkada daramatza dantza, euskal kultura eta Lasarte-Oria lotzen. 

Prentsaurrekoa baino lehen, flashmob bat grabatu dute, giro ederrean, Okendo plazan. Gaur egungo Erketzeko kideek, beteranoek eta hainbat lagunek hartu dute parte. Gogotsu entsegatu eta gero, 12:30ak aldera grabatu dute ikuskizuna.

Ondoren hasi da 50. urteurreneko ekintza bereziak iragartzeko agerraldia. Erketz EDTko kideez gain, udal korporazioko hainbat kide egon dira presente. 

Datozen hilabeteetako ekintzak

Martxoaren 17an (larunbata) ospatuko dute urtemuga berezia ospatzeko aurreneko ekintza: hainbat euskal dantza jantzirekin, desfilea egingo dute, Manuel Lekuona kultur etxean. 

Apirilaren 22rako (igandea), berriz, erromeria erraldoi bat ari dira prestatzen. Herritar guztiak daude gonbidatuta, Erketzeko kideek nabarmendu dutenez. Astearteetan elkartzen dira, Garaikoetxea Landaberri ikastolan.

Ekainaren 16an, larunbatarekin, San Pedro jaien aurreko emanaldi berezia egingo dute, Okendo plazan. Aurtengo emanaldia "oso berezia" eta "ikusgarria" izango dela iragarri du Erketzek; herriko hainbat elkartek ere hartuko dute parte.

Urte berezi hau biribiltzeko, urriko hirugarren astebururako ere ari dira ekintzak prestatzen. Alde batetik, desfile-emanaldi bat egingo dute, bost hamarkadotan Erketzeko kideak izan direnekin. Bestalde, bazkari bat ere egingo dute; kide direnak eta urteotan izan direnak daude gonbidatuta. "Anekdota ederrak gogoratzeko aukera ederra izango da", aipatu dute.

Historia, liburu batean

Datozen egunetan liburu bat argitaratuko du Erketz EDTk: 50 urteotan bizipen eta anekdota ugari bildu dituzte. Euskal folkloreaz eta dantza jantziez ere hitz egingo dute. Bestalde, CD bat grabatu dute taldeko musikariek; eurek ere jarri dute hondar aletxoa ospakizun urte hau are bereziagoa izateko.

Ekitaldia amaitzean, indarrak berritze aldera, luntx goxo bat dastatu dute Okendo plazara bertaratu direnek. Indarberrituta ekingo dio Erketz EDTk aurretik duen urte zirraragarriari.