Erraustegiaren aurka manifestatzeko deia

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 23a, 13:00

Larunbateko manifestazioara joateko deialdia egin du Aire Garbiak, 'Erraustegia gelditu eta birziklapena sustatu' lelopean. Lasarte-Oriako gaikako jasoketa sistema eraginkorra ez dela salatu du, eta datuak eman ditu: %45 birziklatu zen iaz

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak manifestaziora deitu du larunbat honetan Donostian, eta Lasarte-Oriako Aire Garbia elkarteak herritarrak animatu ditu parte hartzera. Erraustegia gelditu eta birziklapena sustatu lelopean egingo dute martxa. Izan ere, Aire Garbiak azaldu duenez, txanpon bereko bi aldeak dira. "Zenbat eta gehiago birziklatu, gero eta ageriagoan geratuko da erraustegia ez dela beharrezkoa, ingurumenarentzat eta herritarren poltsikoentzako kaltegarria izateaz gainera", esan du Martin Ansok, elkarteko bozeramaileak. 

Lasarte-Oria da erraustegiaren eraginak sufrituko dituen herrietako bat, azpiegitura herri ondoan bertan eraikitzen hasi dira eta, Zubietan. Halere, San Marko Mankomunitatearen datuen arabera, gutxien birziklatzen duen herrietako bat da. "Donostiarekin batera, gutxien birziklatu zuen herria da. Eta kontuan izan behar da San Marko dela Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea". 2017. urtean %44,8 birziklatu zen, aurreko urtean baino hamar puntu gehiago. %60ko tasa edukitzea da Gipuzkoako herriek jarritako helburua. Askok lortu dute muga hori gainditzea. 

Aire Garbiaren ustez, Lasarte-Oriako birziklatze sistemak "eraginkortasun eskasa" du. Kontzientziatzeko kanpainak egin arren, elkarte ekologistaren esanetan gauza gutxi aldatuko dira. 

Horregatik, sistema aldatzeko eskaera egin du Aire Garbiak. "Epe laburrera begira aldatu behar da sistema. Udalerri askok dagoeneko egin dute. Gainera, hori lortzeko eredu bakarra ez dago. Hainbat daude, herri bakoitzaren berezitasunera egokitu daitezke, gainera".