Lasarte-Oriako ile apaintzaileek eta estetika zentroetako langileek egiten duten lana erakusteko, desfilea eta erakustaldia antolatu du Aterpeak. Lehenengo Ileapainketa eta Estetika jardunaldia egingo da, larunbatean. Manuel Lekuona kultur etxean izango da hitzordua, 18:30ean.
Desfilearekin batera, zuzeneko bi erakustaldi ere egingo dituzte. Marbell ileapaindegiak, Christian estilistak, Marian Olaizola ileapaintzaileak eta Ana gizonezkoen ileapaindegiak egingo dute erakustaldia. Baina horiekin batera, Aritza mertzeriak, Alba, Mabel eta Imagine jantzi dendek, Ormazabal loradendak eta Ola markogintzak ere parte hartuko dute ekitaldian.
Desfileko protagonistak
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, dagoeneko aukeratuta dituzte desfilean modelo gisa arituko diren pertsonak; 30-35 modelo arituko dira larunbateko jardunaldian.
Jardunaldi honen bitartez, Lasarte-Oriako bezeroei erakutsiko dizkiete ilepainketa eta estetikako azken joerak. Baina ohiko bezeroez gain, bezero berriak erakartzeko ere balioko duela uste du Aterpeak. Horretarako, Lasarte-Oriaren irisgarritasun egokia baliatu behar dutela nabarmendu du Ramon Ormazabal merkatarien elkarteko lehendakariak: "Lasarte-Oriak oso garraio sare ona du, eta hortaz baliatuta, herriko bezeroez gain, ingurukoak erakartzeko lehen pausoa da jardunaldia". Bezero guztiei Lasarte-Oriako ile apaindegi eta estetika zentroek egiten duten "lan ona" erakusteko aukera da, Ormazabalen ustez.
Mende laurden herrigintzan
Hogeita bost urteko ibilbidea du merkatarien elkarteak, eta urte horietan guztietan herrigintzan lanean aritu dira. Hogeita bost urte herrigintzan zurekin leloa erabili dute orain arte egindakoa definitzeko: "Herriarekin egin dugu lan hogeita bost urtetan, Lasarte-Oriako ekonomian eraginez, eta hori da jarraitu beharreko bidea".
Ekitaldira sartu ahal izateko, gonbitea eskuratu beharko da, kultur etxean.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiote Lasarte-Oriako Udalari, Eusko Jaurlaritzako merkataritza sailari eta baita Tratu on bat markari, jardunaldi hau aurrera eramateko emandako laguntzagatik.
Jesus Zaballos alkateak ere esker hitzak izan ditu parte hartzaileekin. Herriko komertzioa bultzatzeko ekitaldiari babesa agertu dio.