Haritz Urdangarin judoka, bosgarren sektorean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko otsailaren 16a

Bi borroka irabazi eta beste bi galdu ostean, brontzezko domina eskuratzeko aukerak galdu ditu judoka gazteak, Espainiako Sektorea Faseko Txapelketan, Gasteizen. Ondo hasi du txapelketa, baina gerora azpitxapeldun izan denarekin galdu du kanporaketa

Txapelketa handia egin du Haritz Urdangarin judoka lasarteoriatarrak. Espainiako Junior Txapelketako Sektore Fasean lehiatu zuen joan den asteburuan, Gasteizen, eta bi borroka irabazi eta beste horrenbeste galduta, bosgarren geratu zen. 

Gisa honetako txapelketak garrantzitsuak dira eskarmentua irabazteko, eta horretarako baliatu du judoka gazteak. 73 kilo arteko kategorian lehiatu da; pisu ertainean lehiakortasuna handia izaten da, kirolari askok parte hartu ohi dute eta. 

Alvaro Puelles errioxarraren aurka lehiatu zen lehenengo borrokan. Hurrengo borroka Iban Buldain aragoiarraren aurka egin zuen. Hark lehenengo kanporaketa ez zuen jokatu, eta, horrenbestez, freskoago aritu zen. 

Galdu ostean, bigarren ligaxkan sartu zen Urdangarin. Jon Agirrezabal nafarrari irabazi zion, baina Aitor Goikoetxeak garaitu zuen ondoren, eta hirugarren posturako aukerak galdu zituen. Bi finalistek automatikoki Espainiako Txapelketan parte hartzeko sarrera eskuratu zuten.