Espainiako Minicopa ari da jokatzen Buiza

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 16a, 12:00
Lasarte-Oriako saskibaloi jokalaria Kanariar Uhartetan da, Gipuzkoa Basket GBC taldearekin Endesa Minicopan lehiatzen. Lehen partida galdu ondoren, zaila dute aurrera jarraitzea; Real Madriden aurkako gaurko partidan jokatuko dute kanporaketa

Kanariar Uhartetan da Eñaut Buiza Lasarte-Oriako saskibaloi jokalaria, Gipuzkoa Basket GBC taldearekin Espainiako Minicopa txapelketa jokatzen. Seniorrek ez, baina Donostiako taldeko infantilek lortu dute txartela, eta ligako zortzi talde hoberenen arteko lehiaketan daude. Talde horretan jokatzen du Buizak, pibot posizioan. Lehen partida atzo jokatu zuten, eta Unicaja Andaluciaren aurka galdu zuten (52-55). 

Real Madrid taldearen aurka jokatuko dute gaur, ostiralean. Hurrengo fasera sailkatzeko ezinbestekoa izango dute irabaztea, baina ez dute erraza izango, iazko txapeldunak baitira madrildarrak.

Txapelketan aurrera eginez gero, finalerdiak jokatuko lituzkete larunbatean, eta finala edo hirugarren posturako partida igandean. 

Abenduan lortu zuen Buizak eta bere taldeak Minicopa jokatzeko txartela. Endesa Ligako hamasei taldek jokatu zuten sailkapen txapelketa, Valentzian. Gipuzkoa Basket-ez gain, beste bost taldek egin zuten aurrera, tartean Baskoniak. Gran Canaria antolatzailea tea Real Madrid iazko irabazlea zuzenean sailkatu ziren. 

Propio txapelketa honetarako sortu dute taldea donostiarrek. Izan ere, hainbat taldetako jokalariek osatua da; Buizak Easo STBn jokatzen du.