- Maider, zure lagunak ikusi nituen atzo, hamaika lanbidez mozorrotuta pankarta eskuan. - Bai, martxoak 8ko greba deialdia luzatzen ari ginen. Emakumeok* planto egingo dugu ama!

(Igande gaua, afalostean, sofan eseri berri).
- Maider, zure lagunak ikusi nituen atzo, hamaika lanbidez mozorrotuta pankarta eskuan.
- Bai, martxoak 8ko greba deialdia luzatzen ari ginen. Emakumeok* planto egingo dugu ama! 
- Baina, nola? Zein da ba, aurtengo lanketa? Badakizu elkartean beti ahalegintzen garela bideotxo bat prestatzen, eta... 
- Aurten ez duzu ba lanik egingo!
- Ba ideia genuen ez dakit nora joan eta ez dakit zeinekin koreografia prestatzeko. 
- Tira, lan uzte denboran egiten ez baduzu... edo egin dezala gizonezko batek bestela, gure hutsunea ikustarazteko eguna izango da eta. Lanean ez bazaude, ez da bideorik izango... 
- Edu, animatuko zara zu? 
- Nik ere planto egingo dut klasean -dio Anek- Gainera, behar-beharrezkoa da emakume* sukaldarion egoera ikustaraztea: etxeetan gu gabe ez dago zer janik, eta izarretan daude gizonezko chef-ak. Goizeko mobilizaziora joango gara klaseko zenbait emakume*. 
(Telefonoa. Amona seguru, Anek laguntza eskatu dio babarrunen inguruko lan bat egiteko) 
- Hola Amona! Zer moduz? Pinttarrak direla zuen baserrian landatzen zenituzten babarrunak? Hara! Eskerrikasko! Orduan, Tolosako babarrunena asmakeria hutsa... Datorren igandean egingo dugula dastaketa? Ederki, eta familia guztia elkartuko garela. Ya... Zenbat lan egiten duzun amona. Ez dela lana? Horixe baietz! Oraintxe esan diot Maiderri martxoaren 8an emakume* sukaldariok planto egingo dugula. Zergatik? Jakin nahiko nuke zenbat kilometro egin dituzun pasiloan gora eta behera, zenbat pisu altxa sukaldean, zenbat aldiz egin 24 orduko erizain guardia... Amona, langile peto-petoa zara! (Barreak). 
- Ane! Esaiozu larunbatean hitz egingo dugula, eta has daitezela aita eta osaba txandak antolatzen; egun horretan amona gurekin eramango dugu eta! 
- Baina, nik ez al nuen Isaren bideoa egin behar? Ene! Munduak planto egingo duela!