ELAk eta LABek lau orduko lan uztera deitu dute Lasarte-Oriako Udalean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko otsailaren 14a

Otsailaren 28rako udal eta foru administrazioetan lan uztera deitu du gehiengo sindikalak, "langileen baldintzak eta zerbitzu publikoa defendatzeko"

ELAk eta LABek "indar korrelazioa" irabazi nahi dute udal eta foru administrazioetan, eta, horretarako, lau orduko lan uzte batera deitu dute otsailaren 28rako. Lasarte-Oriako Udalean ere egin dute deialdia. Asteazkenean kontzentrazioa egin zuten langileek udaletxearen atarian; beste herrietan ere egingo dituzte horrelakoak. 

Bi euskal sindikatuek ohar baten biden azaldu dutenez, azken urteetan lanpostu ugari galdu dira udal eta foru administrazioetan, eta hutsik geratu diren lanpostuak ez dituzte bete. "Zerbitzu osoak pribatizatu dituzte, eta administrazio paralelo bat sortu dute". 

Horrez gain, langileen egoera gero eta prekarioagoa da, ohartarazi dutenez. Izan ere, asko behin-behineko egoeran daude, eta, beraz, lan baldintzak okerragoak dira. "EUDELek berak aitortu du langile publikoen %36 egoera horretan daudela". Haatik, Udahitz hitzarmenak gehienez ere %6an ezartzen du behin-behineko langileen kopurua. "Hitzarmena 2008an sinatu zen azken aldiz, eta 2018an bete gabe dago oraindik", salatu dute ELAk eta LABek. 

Arrazoi horrexegatik, sindikatuek ez dute parte hartuko Udalitz hitzarmenaren negoziazio batean, baldin eta azken itunean adostutakoa betetzen ez bada. Era berean, itunean parte hartzen duten alderdiei eskatu diete haien jarrera argitu dezaten, azaltzeko zergatik ez duten ituna betetzen. 

Lanpostuak sortzeko eta lan baldintzak hobetzeko esparrua finkatu dute ere; indarra egingo dute erakundez erakunde negoziazio mahaiak zabaltzeko. Helburua argi plazaratu dute: "Zerbitzu publikoa garatzea; suntsitutako enplegu publikoa berreskuratzea eta egonkortzea; negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzea; galdutako eskubideak eta eros ahalmena berreskuratzea; hitzarmenak betearaztea; eta ofentsibako negoziazio kolektiboak aktibatzea".