Asier Pozok podiumari eutsi dio

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 14a, 12:35
Pistako Espainiako Kopan hirugarren egin du lasarteoriatarrak, Mallorcan jokatutako azken probaren ondoren.

Esperotakoa gertatu da. Espainiako Kopako azken proba jokatu dute asteburuan Mallorcan. Asier Pozo kadetea sailkapen nagusian lehen postuan zegoen, bigarrenarekin eta hirugarekin berdinduta. Baina lan zaila zuen aurretik lasarteoriatarrak; beste biak Uharte Balearretako selekzioko kideak ziren, eta etxean jokatzen zuten. Talde oso baten babesarekin. Pozo Euskadiko Selekzioaren ordezkari bakarra zen. Edonola ere, hirugarren postuari eutsi dio. 
"Ez diote mugitzen utzi, eta behin eta berriz eraso diote. Azkenerako nekatu dute. Ongi jokatu dute; ez zegoen ezer egiterik", esan du Eugenio Pozok, Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolako kadeteen entrenatzaileak. 
Hala eta guztiz ere, txirrindulari gaztea lehen postuetan egon da jokatutako lau probatan. Zazpigarren puntuatzioan, bosgarren Scratch modalitatean, bosgarren Tempo proban eta hirugarren kanporaketetan. Lehen postua galdu arren, ongi defendatu du podiuma. Gainera, taldeka lehen postua eskuratu du Euskadik. 
Beñat Carbayeda lasarteoriarrak ere lehiatu du Mallorcan, Gipuzkoako Selekzioarekin.