Herritarren bulego ibiltaria, udala herritarrei gerturatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 14a, 10:00
Lasarte-Oriako udalak auzoetako bizilagunen kezkak, kexak edo iradokizunak lekuan leku jasotzeko Herritarren bulego ibiltaria jarri du martxan. Herritarrek alkate eta zinegotziekin zuzenean hitz egiteko aukera izango dute. Lehenengoz, Basaundi bailaran izango da igande honetan, otsailaren 18an

Lasarte-Oriako Udala herritarrei gerturatzeko asmoz, azaroan onartutako Parte-hartze araudiren barruan hainbat ekintza zehaztu zituzten. Horien artean, otsailaren 18an, igandean martxan jarriko den Herritarren bulego ibiltaria dago. Jesus Zaballos alkateak eta Lourdes Acevedo Herritarren parte hartzea batzorde buruak ekimenaren berri eman dute.

“Normalean herritarrak etortzen dira udalera. Herritarren bulego ibiltariaren bitartez, herritarrek dituzten kexak helarazi eta auzoetako kalteak erakutsi ahalko dizkigute,” azaldu du Jesus Zaballos alkateak.

Herritarren bulego ibiltarian euskarri ezberdinez bitartez, udaleko informazio orokorra eta auzoko informazio zehatza jasoko dute herritarrek.  Era berean, alkate eta zinegotziekin zuzenean hitz egin eta dituzten kezkak, kexak edo iradokizunak jakitera eman ahalko dizkiete.

Lasarte-Oriako zortzi auzoetan urtean behin izango da Herritarren bulego ibiltaria. Lehenengo hitzordua Basaundi auzoan izango da. Herritarren bulego ibiltariko karpa otsailaren 18an, igandea, 10:00etatik 14:00etara egongo da auzoko plazan. Bertan, besteak beste, berrurbanizazioari buruzko informazioa egongo da bileretara hurbildu ezin izan diren herritarrentzat.

Herritarren bulego ibiltariaren egutegia honako hau izango da:  martxoaren 11n, Okendo plaza; apirilaren 15ean, Basotxo plaza;  maiatzaren 13an, Brunet parkea; irailaren 16an, Jaizkibel plaza;  urriaren 21ean, Isla plaza; azaroaren 18an, Atsobakar parkea eta abenduaren 16an, Oztaran plaza. Hitzordua baino aste bete lehenago dagokion auzoan kartelak jarriko dituzte.

Haurrentzako ekintzak

Honez gain, aisia eta kultura ekintzen deszentralizazioarekin jarraituz, udalak haurrentzako ludoteka, tailerrak eta puzgarriak antolatu ditu. Musika ere izango da.

“Gurasoak bulego ibiltarian dauden bitartean, haurrek ekintza ezberdinez gozatu ahalko dute”, adierazi du alkateak.

Gizaire S.L. enpresak eskainiko du zerbitzua eta 21.745 euroko kostua izango du.

Udal ordezkariek herritarrak gonbidatzen dituzte “beldurrak galdu”, bulego ibiltarira hurbildu eta haien ekarpenak egitera.

Bestalde, alkateak parte-hartze alorrean konpromisorik ez izatea leporatu dietenentzat ere hitzak izan ditu: “Bi urte hauetan araudia onartu dugu eta aurreko gobernuak baino ekintza gehiago ari gara aurrera eramaten”.