Txerrikiak dastatzeko festa asteburua, Virgen de Guadalupe elkartean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 13a, 16:45
III. Txerri-hilketa asteburua egingo dute 'Virgen de Guadalupe' Extremeña Elkartean. Berrogeigarren urteurrena ospatzeko, berezitasun bat izango du aurtengo ekitaldiak; elkarteko kideek hilko dute aurtengo txerria. Larunbat eta igandean txerrikiak egin eta dastatu ahal izango dituzte bertara gerturatzen direnek. Bazkide ez diren herritarrek sarrerak erosi beharko dituzte.

Txerrikiak egin, jan eta hotzari aurre hartzeko jaia antolatu du Virgen de Guadalupe elkarteak. Hirugarren txerri hilketa asteburua egingo dute elkarteko kideek, asteburuan.

Elkartea sortu zenetik berrogei urte betetzen dira aurten, eta urteurrena ospatzeko, berrikuntza bat izango du aurtengo ekitaldiak. Elkarteko kideek txerria hilko dute. Horrela jakinarazi dute Angel Barrera, Vicki Marcos, Gabriel Gonzalez, Dimitri Hurtado eta Jose Luis Rubio bazkideek: "Aurten, Berrobiko abeletxe batera joango gara, eta bertako albaitariarekin txerriaren hilketan parte hartuko dugu". Ostiralean, beraz, 16:00etan Berrobi aldera abiatuko dira elkarteko kideak.

Larunbatean, goizetik hasiko dute jaia. 10:30ean, txerria zatitu, eta txorizo eta odolkiak egiteko tailerra antolatu dute. Horren ostean, ogi-mamiak dastatzeko aukera izango da, hamaiketako gisa. Ondoren, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute. Menua ere zein izango den jakinarazi dute; garbantzuak sakramentuekin eta meloia. 

Indarrak berreskuratuta, kantuan aritzeko tartea ere izango da. 16:00etan karaokea egingo dute elkartean, eta egunari amaiera emateko, herri afarian elkartuko dira. Haragi parrillada, entsalada eta tarta prestatuko dituzte afaritarako. 

Festak ordea, ez da larunbatean amaituko. Igandean, 11:00etan, Extremadurako gosari tipikoarekin hasiko dute eguna: pattarra, 'perrunillak' eta salda. Herri bazkari batekin amaituko dute festa asteburua. Urdaiazpiko haragi erreak eta mertxikak osatuko dute menua.

Elkarteko bazkideek herritarrei gonbita luzatu diete festa asteburua beraiekin bizi dezaten, eta prestatuko dituzten jaki goxoak dastatzera gerturatu daitezen.