Txakurren jabeak kontzientziatzeko kanpaina berria

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 12a, 18:00

“Udalerri Lagunkoi baten alde. Jabe eredugarria nahi dut. Konpromisoa hartuko duzu?” kanpaina martxan jarri du Lasarte-Oriako Udalak. Helburua txakur jabeen, animalien eta herritarren arteko elkarbizitza hobetzea da

Astelehen goizean Udalerri Lagunkoi baten alde. Jabe eredugarria nahi dut. Konpromisoa hartuko duzu? kanpainako informazio gunea Okendo plazan izan da. Bertan izan dira udal arduradunak ere egitasmoaren berri emateko.

“Herritarren kexa ugari jasotzen dira txakur gorotzak edo txakurrak aske doazela eta, horregatik aurrekontuen parte hartze prozesuko proposamenetako bat izan da”, aipatu du Jesus Zaballo alkateak.

Alkateak azaldutakoaren arabera, enplegu planak  diruz lagunduta Lanbideren bitartez kanpaina diseinatu duen pertsona bat kontratatu da. Kanpaina Buruntzaldera zabalduko dela ere azpimarratu du: “Andoain eta Usurbilek ere aurrera eramango dute”.

Kanpainaren informazio gunea  auzoz auzo ibiliko da bi hilabeteetan zehar, otsailean eta apirilean. Gunean bi pertsona izango dira: Maider Jerico proiektuaren arduraduna eta Miriam Zuñiga animalien zentsuko arduraduna. Gunera hurbiltzen diren herritarrei Lasarte-Oriako animalien araudia banatu eta azalduko zaie, esate baterako, txakurrak paseatu daitezkeen eremuak.

Honen harira, urte honetan zehar, txakurra paseatzera atera daitekeen eremuetan orduteigak zehazten dituzten seinaleak jarriko direla, eman du jakitera alkateak.

Txakurraren osasunari buruzkoak gomendioak ere eskainiko dituzte  eta Miriam Zuñiga animalien zentsuko arduradunak aipatu duenez: “Gorotzen gaiarekin oso zorrotzak izango gara. Gorotzak jaso behar dira, gaixotasun asko zabaldu ahal baitira kalean edo parkean utzita. Kasu batzuetan, pertsonei ere kalte egin ahal diete.”

Isunen berri ere emango dute eta honen jarraipena udaltzainek egingo dutela jakitera eman dute. Horretarako mikrotxipak irakurtzeko bi gailu erosi direla ere adierazi dute.

Hiru aste daramatzate udaltzainen araudia betetzen den edo ez kontrolatzen. Oraingoz, okerreko jokabideren bat ikusten bada araudiaren eta isunen berri ematen zaiela jakitera eman du Iñaki Ijurco udaltzainak.

Jokabide onak dituzten herritarrei berriz, “sari modura” txapa bat banatuko zaie.

Honez gain, informazio gunean herritarren galderak erantzun eta kexak eta proposamenak ere jasoko dituzte.

“Kanpaina hutsean ez geratzea nahiko genuke. Jendeak konpromisoa benetan hartzea eta jarraipena izatea gustatuko litzaiguke,” adierazi du Maider Jerico kanpainaren arduradunak.