Giroa hotz, eztarriak bero

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 4a, 21:32

Urteroko usadioari jarraituz, makilak eskuetan hartuta, oles egin dute herriko hainbat elkartek gaurko egunean zehar. Zabaleta Auzolan, Erketz EDT, Xumela abesbatza eta Earra! bertso eskola kalez kale ibili dira

Giro hotza da gaurkoa, baina horrek ez ditu Santa Ageda bezperan kantuan aritu diren eztarriak epeldu. Urteroko ohiturari jarraituz, oles egitera atera dira Zabaleta Auzolan, Erketz EDT, Earra! bertso eskola eta Xumela abesbatza. Kalez kale ibili dira, makilak eskuetan.

Zabaletarrek goizean astindu dituzte makilak. Antonio Blas plazatik abiatu, eta inguruko etxe eta baserrietara joan dira. Beste hiru elkarteak arratsaldera arte itxaron dute.

Sasoeta auzoko lokaletik abiatuz, herriko erdigunera jaitsi dira Erketz EDTko kideak. Jalgi tabernan geratu dira aurrena, eta kalez kale ibili gero, atsedenik hartu gabe. 50 urte betetzen dituzte aurten, eta ohi baino ilusio are handiagoz ari dira antolatzen ekintza desberdinak. Antzeko ibilbidea egin dute Earra! eskolako eta Xumela abesbatzako kideek, elkarrekin. Besteak beste, Brigitarren komentuan izan dira, koplak abesten eta guzti, umore onez eta irribarretsu.