"HorKonpon", Lasarte-Oriako kaleen kalteen berri emateko aplikazioa

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 6a, 13:45

Lasarte-Oriako Udalak "HorKonpon" aplikazioa jarri du erabilgarri. Horri esker, herritarrek kaleetan eta plazetan dauden kalteak jakitera eman ahal dituzte tabletaren edo mugikorraren bitartez. Jesus Zaballos alkateak eta Lourdes Acevedok Zerbitzu Publikoetako batzordeburuak eman dute aplikazioaren berri

HorKonpon aplikazioa martxan da Lasarte-Orian. Aplikazio honen bidez, lasarteoriatarrek kaleko argi bat erre dela, baldosa bat hautsi dela edo semaforo bat ez dabilela jakitera emango diote udalari.

"Administrazioa herritarrei gerturatzea da gure helburuetako bat eta herritarrek kexak eta iradokizunak helarazteko hainbat bide ditugu irekita. HorKonpon aplikazioa dugu azkena," azaldu du alkateak.

Alkateak azpimarratu legez: " Udalak mota honetako kexa asko jasotzen ditu eta orain modu zuzenean helaraziko dituzte Zerbitzu Publikoetara".

Erabilera erraza

Erabilera errazeko aplikazioa da alkatearen hitzetan. Aplikazioaren bidez, kaltearen argazki bat atera eta azalpena bidali ahal dute herritarrek. Mezua zuzenean Zerbitzu Publikoetako sailera bidaliko da, bertan argazkia, testua eta GPS lokalizazioa izango dute eta konponketa bideratuko dute. Horregatik, aplikazioa erabiltzerakoan GPSa aktibatu behar dela ohartarazi dute.

Kexa edo iradokizuna anonimoki edo herritarreren izenean egin daiteke. Azken kasu horretan, telefonoaren zenbakia edo posta elektronikoa atxikiko da, mezuari erantzun ahal izateko. Harremanetan jartzeko datuak zehazteko, aplikazioaren ezarpenetara jo behar da.

Aplikazioa Pasaiako, Errenteriako eta Hernaniko udalek bultzatu zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntza eta Teknologia Berriak departamentuaren diru-laguntzaren bitartez. Horri esker, aplikazioa dohainik eskuratu ahal dute udal guztiek.

HorKonpon aplikazioa Lasarte-Oriako udaleko webean eskuragarri dago Zerbitzu Telematikoen atalean. Bestela, GooglePlay eta AppStore plataformen bidez jaitsi daiteke mugikorrera edo tabletera.