Euria zen Kaxkamalo xomorro gaiztoaren azken esperantza. Baina ur tanta hotzek ez dituzte suaren garrak itzali, eta Zubietatik etorritako xomorroek eta Lasarte-Oriako gizakiek gaurko senidetze ekitaldian adostu bezala, sutara bidali dute Kaxkamalo. Urre eta jakiz betetako kutxa jaso dute zubietarrek, eta, trukean, gaitza egiteari utziko diote. Guztiok irabazten dugu.
Euskal Inauterien antolatzaileek aldaketa batzuk egin behar izan dituzte egitarauan, baina giroa eta ongi pasatzeko gogoak ez dira hoztu. Goizean zehar, puska bila aritu dira hainbat herritar, herriko elkarte gastronomikoetan barrena: Arrieskalleta, Xirimiri, Udaberri, Ttakunenea eta Intza bisitatu dituzte. Sabela ongi beteta, kantuan eta dantzan aritu dira bazkalordura arte.
Arratsaldeko ekintzak, Loidibarrenen
Orduak igaro ahala eguraldia gero eta okerragoa zela ikusita, B plana jarri dute martxan antolatzaileek. Zubietarrek bertan behera utzi dute gure herrirainoko kalejira, eta zuzenean Loidibarren pilotalekura joan dira. Zain zeuzkaten han lasarteoriatarrak, alkatea eta korporazio osoa barne, senidetze ekitaldia egiteko. Hori baino lehen, dantzan sartu dira zubietarrak frontoira. Gero, lasarteoriatarren txanda iritsi da.
Herrira etorritako xomorroen hiru ordezkarik negoziatu dute korporazioarekin: urrea eta kutxa bete jaki, gaitza egiteari uztearen truke. Denak geratu dira gustura, eta, ospatzeko, dantzan egin dute, ilundu arte: fandagoak, arin-arinak, txulalai, zazpi jauzi... Zabala izan da errepertorioa. Ttirriki-Ttarrakako ikasle saiatuek jarri dute musika, ohi bezala.
Frontoiaren babesetik atera dira ondoren bertan bildutakoak, eta Kaxkamalo garretan nola erre den ikusi dute. Datorren urtera arte, gaitzetatik salbu dago herria.