Aterpeak ongietorria eman die bazkide berriei, aste honetan egindako II. bilkuran. Lasarte-Oriako merkatarien eta ostalarien elkarteak aurten egingo dituzten ekitaldien berri eman dute. Denen artean, arreta berezia jarri diote bati: elkarteak 25 urte beteko ditu maiatzean, eta hilabete horretan jardunaldi bereziak egingo dituzte urtemuga berezi hori ospatzeko.
Villa Mirentxuko Laranjaondoen patioan egin dute bilkura. Udal ordezkariak ere gerturatu dira bertara. Ramon Ormazabal Aterpeako presidenteak gidatu du ekitaldia, eta elkartea sortu zeneko helburuak oroitarazi ditu: "Hasteko, bazkideen interesak defendatzea erakundeen aurrean. Bestetik, sektorea eta herria dinamizatzea. Eta azkenik, herritik kanpora egiten diren erosketak nolabait galaraztea".
Herriko ekonomia indartzeko berebiziko garrantzia dute negozio txikiek, eta horien balioa nabarmendu du Ormazabalek. "Dendarik eta tabernarik gabeko herri bat hilda dago".
Ideia horretatik dator, hain zuzen ere, 25. urteurrena ospatzeko leloa: 25 urte herrigintzan zurekin. Eskerrak eman dizkio Aterpeako presidenteak ospakizuna prestatzen lagundu dutenei. "Besteak beste, Unai Arrutiri urtemugaren logoa prestatzeagatik".
Aurreko urteetan egin moduan, ekitaldi eskaintza zabala prestatu du Aterpeak 2018rako. Horien artean bada bat nabarmena; lehen aldiz ile apainketari eta estetikari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte.
Aterpeako jaialdia
Maiatza erdialdean ospatuko dute herriko negozioek Aterpearen 25 urteak. Horretarako, maiatzaren 14tik 19ra bitartean jai giroan jardunaldiak egingo dituzte. Urte horietan guztietan Lasarte-Oriak izandako bilakaera aztertzeko argazki erakusketa bat egingo dute. Txu-txu trena eta beste hainbat ekintza izango dituzte, hala nola, herriko musika eta dantza elkarteen emanaldiak. Jatekoak ez du huts egingo. Parrila bazkaria egingo maiatzaren 19an, Okendon. Eta ospakizunekin amaitzeko, afari eta dantzaldi bat egingo dute Maialen Chourraut kiroldegian.