Leire Martin eta Iñigo Ibarburu, Euskal Herriko txapeldun luzera handiko igeriketan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urtarrilaren 31

Ainhoa Martinek eta Paula Sevillanok Camargoko Nazioarteko Sarian lehiatu dute; txapeldun eta laugarren izan dira, hurrenez hurren

Igeriketaren festa handia jokatu da Lasarte-Orian larunbat honetan, Euskal Herriko distantzia luzeko txapelketan. Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekua lepo bete da, eta emaitza onak lortu ditu Buruntzaldea IKTk: Leire Martinek eta Iñigo Ibarburuk Euskal Herriko txapela lortu dute, 2.000 eta 3.000 metroko lasterketetan, hurrenez hurren.

Infantiletan 2.000 metroko distantzia bete dute lehiakideek. Martinek ez du areriorik eduki, lehen metrotik aurreratu baita nabarmen, eta bigarrenari minutu bateko aldea atera dio. 1:10 minutu 100 metroko bataz besteko abiadurari eustea lortu du, eta 23:31,24 denboran gelditu du kronoa. Taldeko absolutu eta 15 urtez azpiko errekorra da hori. 1.500 metrotan ere taldeko langa berria ezarri du igerilariak.

Nerea Santosek ere infantiletan egin du igeri, lehen aldiz luzera horretako proba batean. Borja Apeztegia Buruntzaldea IKTko entrenatzailearen esanetan, “neurria hartzea” kostatu zaio hasieran, baina “bikain” aritu da. 28:08,89ko denbora egin, eta 14 urtez azpiko taldeko errekor berria ezarri du.

Junior eta absolutuek 3.000 metroko lasterketa bete dute. Lasterketa gogorra eta estua jokatu du Ibarburuk. Lehen 2.000 metroetan bigarren postuan aritu da. “Indarrei eusten jakin dio, eta bere eskarmentua baliatu du”, esan du Apeztegiak. Izan ere, 400 metroren faltan lasterketa burua harrapatu du, eta parez pare eutsi diote biek. Azken metroak izan dira gogorrenak. Lasterketa osoa 1:06-ko bataz bestekoan egin dute bi igerilariek, baina azken metroak 1:01-ko abiaduran egin dute igeri. Azken 25 metroetan urazpiko luze bat egin du Ibarburuk, eta amaieran estutzea lortu du; 20 ehunekogatik lortu du txapela. 33:24,90 denboran amaitu du lasterketa, eta taldeko errekorra berritu du 2.000 eta 3.000 metroetan.

Lander Sorozabalek laugarren egin du junior kategorian, eta podiumetik oso gertu geratu da. 36:36,18 denbora behar izan du lasterketa osatzeko. Marka ona da Sorozabalentzat; 16 urtez azpiko errekor berriak ezarri ditu 3.000 eta 2.000koan.

Camargon ere, aurrean

Ainhoa Martin eta Paula Sevillano ez dira asteburuan Lasarte-Orian izan, zita garrantzitsua izan dutelako Euskal Selekzioarekin Camargon, Kantabrian. Nazioarteko sari horren berezitasuna da bi distantziatan lehiatzen direla igerilariak, eta puntuak batuz sailkapen nagusi bat osatzen dute.

Martin 200 eta 100 bular metrotan aritu da, eta txapelketa eskuratu du. 200 metrokoan marka pertsonala ondu du gazteak, eta Euskadiko errekorra txikitu du (2:36,76). 100 metrokoan ere nagusi izan da (1:14,70), eta nazioarteko saria gehitu du bere palmaresera.

Sevillano, aldiz, 200 eta 100 metro librean lehiatu da, eta goiko postuetan sailkatu da; laugarren, hain zuzen. Bietan marka pertsonalak lortu ditu Lasarte-Oriako gazteak, erakutsitako mailaren adierazgarri. 200 metrokoan 2:12,34ko denbora egin du, aurreko marka baino bi segundo gutxiago. 100 metrokoan ere bi segundotan jaitsi du bere errekorra (1:02,63).

Horrez gainera, Martin 4x50 erreleboetan parte hartu, eta Euskadik bigarren postua eskuratzeko lagundu du; 27,68 segundotan egin du bere zatia.